Síguenos en redes sociales:

‘Apurtu burbuila, kalamurik gabe gehiago zara’ kanpainarekin bat egin du Zornotzako Udalak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kalamuaren kontsumoari aurre egiteko 'Apurtu burbuila, kalamurik gabe gehiago zara' izeneko kanpaina martxan jarri berri du, 14 eta 25 urte bitarteko gazteei bideratutakoa. Bada, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du kanabisaren kontsumoak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriei buruz kontzientziatzea helburu duen ekimen honekin.

Kalamua da Canabis sativa landarearen prestakin desberdinak izendatzeko gehien erabiltzen den termino generikoa. Landare honek 750 konposatu kimiko baino gehiago ditu, eta bere osagaien artean tetrahidrocannabinol (THC) osagai ezagunena eta psikoaktibitate handienekoa dago. THC kantitatea hainbat faktoreren arabera alda daiteke (landarearen barietatea, biltzeko modua, laborea, kontsumitutako zatia, etab.), eta horrek, aldi berean, kanabisaren deribatu desberdinak eragiten ditu (adibidez, marihuana, haxixa edo haxix-olioa). Kontsumitzeko modurik ohikoena erretzea da, baina substantzia hori hainbat modutan kontsumi daiteke (arnastuta, lurrunduta, ahoz edo irentsita, etab.). Kanabisa da munduan gehien landu, kontsumitu eta trafikatzen den substantzia psikoaktiboa. Kanabisa erraz lortzen da, eta arriskuaren pertzepzio soziala txikia da. Gainera, ekonomikoki substantzia horren merkatuko prezioa legez kanpoko beste droga batzuena baino baxuagoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan gehien kontsumitzen den legez kanpoko substantzia da, batez ere 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean.

Kanabisaren kontsumoa oso normalizatuta dago mendebaldeko gizarteetan; baina behin eta berriz kontsumitzeak ondorio negatiboak eragiten ditu osasun fisikoan, psikikoan eta sozialean, batez ere nerabe eta gazteengan, horien burmuinetan substantzia psikoaktiboek eragiten dituzten ondorio negatiboak nabarmenak baitira, hainbat ikerketek erakutsi dutenez.

Ondorio soziosanitario larriak

Inkestek adierazten dutenez, kanabisa kontsumitzen duten pertsona askok modu esperimentalean edo noizbehinka kontsumitzen dute; hala ere, kontsumitzaileen zati batek egindako kontsumo-ereduak ondorio soziosanitario larriak ditu, hala nola osasun mentaleko arazoak, eskola-porrota, familia-, lan- eta/edo mendekotasun-arazoak. Bestalde, kanabisaren erabilera beste arrisku-eredu batzuekin lotzen da, hala nola beste substantzia batzuen kontsumoarekin (tabakoa, alkohola, beste droga batzuk), eta horrek areagotu egiten du jokabide horren arriskua. Hori guztiagatik, Osasun Sailak garrantzitsutzat jo du ondoko mezuak zabaltzea kanpaina berriarekin: kanabisaren kontsumoak kalteak eragin ditzake; kanabisaren kontsumoak buruko arazoak sor ditzake; kanabisa nerabezaroko ikasketetan lankide txarra da; kanabisaren kontsumoak ez dio soilik kontsumitzen duenari eragiten, baita ingurukoei ere eta kanabisaren kontsumoak gizarte-harremanak zaildu ditzake.