Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian, aitortu du Getxoko Turismo Bulegoaren eta udalerriko Turismoko Kode Etikoari atxikitako beste 43 enpresa eta entitateren konpromisoa. Kode Etikoa lehiakortasun-programa bat da, Basquetourren bidez bultzatua, eta turismo arduratsua lantzea du helburu, euskal enpresak eta helmugak lehiakorragoak, etikoagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.

Turismoko Kode Etikoari atxikitako erakundeek zortzi printzipio betetzeko konpromisoa dutela egiaztatu dute: turistak ulertzen eta errespetatzen laguntzea; tokiko tradizioa eta kultura sustatzea; Gizateriaren Kultura Ondarea zaintzea; pertsonen eskubideak errespetatzea; sektoreko langileei eta enpresaburuei tratu egokia ematea; bikaintasuna eta profesionaltasuna lantzea; jasangarritasuna eta berdintasuna, inklusioa eta tolerantzia (etnikoa, kulturala, erlijiosoa, sexuala eta soziala). Horretarako, Kode Etikoaren printzipioei buruzko prestakuntza jasotzen dute Basquetour Learning plataformaren bidez; urtean zehar berrikuntzan, digitalizazioan eta irisgarritasunean trebatzen dira; eta, azkenik, printzipio horiek betetzen direla zehazten duen memoria egiten dute.

Programan parte hartzen duten enpresa getxotarrek doako laguntza teknikoa jaso dute Udaleko Ekonomia Sustapen Sailetik, eta urte osoan lanean jarraituko dute.

Fangaloka Style, Galerías Punta Begoña, Escuela Náutica Arriluze eta udalerriko beste hainbat taberna eta establezimenduk badaude dagoeneko Euskadiko Etika Turistikoaren Erregistroan sartuta.