Síguenos en redes sociales:

Durangok bihar onartuko du bere antolaketa egitura

Astearte honetan, uztailaren 4an, ospatuko den ezohiko osoko bilkuran onartu egingo du Durangoko Udalak udalerria zuzenduko duen antolaketa egitura, juan den astean gobernu taldeak aurkeztutako planteamenduan oinarritutakoa. Oposizioko alderdiek ez dute proposamenik egin eta, beraz, gobernu taldearen proposamenak aurrera egingo du.

Udaleko arloak hiru Informazio Batzordetan banatuko dira: Antolaketa, Herrigintza eta Lurraldea. Azken horrek Garapen Ekonomikoaren azpi-arlo berri bat izango du berritasun gisa, gobernu taldeak tokiko ekonomia sustatu eta bultzatzeko erabiliko duena.

Arlo horiei erantzuteko, gobernu taldeak 4 liberazio izango ditu, alkatetza barne. Egungo gobernu taldearen liberazioen kostua 316.226,30 €-koa izango da, gizarte aseguruak eta Mireia Elkoroiribe egungo alkatearen soldata barne. Aurreko gobernu taldearen liberazioen kostua, soldatak eguneratuta, 335.020,46 €koa izango litzateke. Hau da, liberazioen egungo planteamenduarekin, gobernu taldearen kostua 18.794,15 € murrizten da urtean.

Era berean, oposizioak liberazio bat izango du alderdi politiko bakoitzeko, benetako partehartze eta lankidetza handiagoa sustatzeko helburuarekin. Liberaziorik gabeko zinegotziek jasotzen dituzten kide anitzeko batzorde eta organoetara joateagatiko dietak ere eguneratu egin dira; hamar urte baino gehiago eguneratu gabe egon ondoren, balioa handituko zaie. Ildo horretan, gobernu taldetik nabarmendu dute igoera horren onuradun nagusia EH Bildu izango dela, liberaziorik gabeko zinegotzi kopuru handiena baitu.

Proposamenak bihar onartuko dira, ez baita beste aukerarik aurkeztu horretarako ezarritako epean.