Jabetze eskoletan eta Udalak berdintasuna eta emakumeentzako bizitza duinak sustatzeko abian jarritako beste ekimen batzuetan (‘zatoz gurekin!’, ‘zaintza barik bizitzarik ez’, hezkidetza-mahaia, emakumeen artea sostengu taldea, berdintasun politikak sustatzeko udal barneko egiturak…) parte hartu duten emakumeek ikasturte bukaerako jaia ospatu zuten atzo arratsaldean Aldatsekuan.

80 bat emakume elkartu ziren, adin eta jatorri askotarikoak, feminismoek bere baitan hartzen duten aniztasunaren erakusle. “Jatorri ugaritako emakumeak elkartzen dituzte berdintasun politiketatik abiatutako programa eta ekintzek. Atzo Euskal Herriko txoko desberdinetan, Errumanian, Katalunian, Marokon, Bolibian, Nikaraguan edota Ekuadorren jatorria duten emakumeak elkartu ginen”, azaldu du Marije Apodaka Berdintasun teknikariak. Bestetik, herriko mugimendu feministako kideak, elkarte eta kolektibo desberdinetako partaideak eta Udaleko ordezkariak ere batu ziren jaira.

Festaren helburua emakumeen arteko sareak ehuntzea eta sendotzea da, giro atsegin eta alaia ardatz. Horretarako, egitarau berezia antolatu zuten atzo. Berdintasun saileko ordezkariek agurtu zituzten bertaratutakoak, eta, ondoren, ‘Mundua hankaz gora’ izeneko pole dance ikuskizuna eskaini zuen Garazi Abradales dantzariak. Maite Lopezen txanda izan zen gero, umorezko bakarrizketarekin. Bukatzeko, merienda egin zuten emakume guztiek elkarrekin eta Paule Ixiar Loizagaren bertsoak entzun zituzten; azaroaren 30eko greba feministaren berri eman zuen abestu ahala.

108 emakume, jabekuntza ikastaroetan

IV. Plana indarrean dagoenetik (2017-2023), 535 matrikula egon dira emakumeen saretzea eta ahalduntzea helburu duten jabekuntza eskoletan. Azken ikasturtean, 108 emakume izan dira ikastaroetan parte hartu dutenak. Horrez gain, emakume ugari elkartu dira azaroaren 25eko eta martxoaren 8ko kanpainen bueltan eta baita bestelako proiektuetan ere; esaterako, zaintzaileentzako proiektu komunitarioan.

“Emakume jakintsuak eta ahaldunduak dira denak. Batzuk hizkuntzak ikasten ari dira, beste batzuk aliantza eta praktika feministak sortzen edo zaintza erdigunera ekartzen. Ikastaroen ostean, xilografiaz, emozioen kudeaketaz, abesteaz, etxeko igeltserotzako matxura txikiak konpontzeaz, sexualitateaz edota menopausiaz gehiago dakite”, azaldu du Apodakak, eta era berean, udazkeneko jabekuntza eskoletan izena ematera animatu ditu elorriarrak. Irailean emango da horien berri.