Pixkanaka-pixkanaka, Bizkaiko udalerriak euren gobernu-taldeak osatzen doaz. Biztanleek joan den maiatzaren 28an euren botoa eman ondoren, orain politikarien txanda da. Akordioak sinatzeko garaia heldu da, euren udalerrietarako onuragarriak diren erabakiak hartzeko ordua.

Gaur, ekainak 17, udalbatza eratzeko eta alkatea hautatzeko bilkura egin da Arrigorriagan. Ekitaldia 13:00etan hasi da, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin.

Alkatetzarako hiru hautagaitza izan dira saioan: Maite Ibarra Goti (EH Bildu), Alberto Ruiz de Azua (EAJ) eta Argoitz Gómez (PSOE). 9, 6 eta 2 botorekin, hurrenez hurren, Maite Ibarra izendatu dute Arrigorriagako alkate.

Ibarrarenak, alderdi bozkatuena izanda, bi modu zituen alkatetza lortzeko: bata 9 botoak lortuta, eta bestea, zortzi botorekin berdinketa lortuta, hauteskundeetan bozka gehien lortutako alderdia izateagatik. Azkenik, Arrigorriaga Gara eta NOAren babesarekin, Maite Ibarra izango da Arrigorriagako alkatea eta hiru taldeek osatuko dute Udalaren gobernu talde berria.

Arrigorriagako gobernu talde berriak azaldu duenez, aliantza hau negoziazio garrantzitsuen eta akordioaren aldeko jarreraren emaitza izan da. Guztiek hitz egin dute zerrenda bozkatuenarekiko errespetuaz (EH Bildu 2.357 botorekin), gobernu indartsu, askotariko, konprometitu eta kohesionatua sortzeko beharraz, auzoetan finkatutako lehentasunen aldeko akordioaz, herritarren bizitzak udal politiken erdigunean jartzeaz eta Arrigorriaga justuago eta solidarioago baten alde lanean jarraitzeaz.