Azken hilabeteetan udalerriaren energia plana osatzen aritu ostean, Gautegiz Arteagak bide-orriaren aurkezpena ospatu zuen orain dela gutxi. Egindako analisiaren ostean –hainbat izan dira egindako azterketak, besteak askoren artean klimaren aldaketaren inpaktuei buruzkoak adibidez–, helburuak ere zeintzuk diren jakinarazi dute: hogei urteren buran, 2042. urterako zehazki, Urdaibaiko Erreserba Biosferan kokatutako udalerriaren co2 emisioak %60an murriztu nahi dituzte, “energia-kontsumo primarioa %40an” beheratuz eta urte horretan “energia berriztagarrien ekarpena udalerriko azken kontsumoaren %40 izatera” iritsiz.

“Gaur egun, argi dago klima-aldaketa denontzat mehatxu orokorra bihurtu dela eta eragile publikoek berehalako erantzuna eman behar diotela”, dio Barrizar kooperatibak Udalarentzako egindako txostenak. “Arazo honi aurre egiteko, udalek helburu finkoak izan beharko dituzte eta, hauen bitartez, epe laburrean edo luzean garatuko diren ekintza zehatzak proposatu”, gaineratzen dutenaren arabera. Asko dira egindako proposamenak: eguzki-aprobetxamenduaren hedakuntzan eragitea, energia-berriztagarrien arloan hobekuntza egitea, nekazal- eta baso-kudeaketaren hobekuntza bultzatzea, espezie autoktonoak sustatuz, biodibertsitatearen hobekun-tza eta ekosistemaren sendotzea, berotegi efektuko gasen murrizketa edota energia-kontsumoen kontrolean jardutea.

Bada, Gautegiz Arteagan izan badira energia-kontsumaren murrizketaren beherapenean lagun izan litezkeen administrazio publikoetako jabegopeko eraikinak. Udaletxea, Montorre herri eskola, anbulatorioa, frontoia eta kaleetako argiteria publikoa dira atal honetan gune erabakiorrak. Baina, txostenaren arabera, edonorka lagun dezake bide horretan. “Bizitegiaren sektorea da kontsumo handieneko sektorea” herrian; beraz, “funtsezkotzat” jo dute bizilagunek ere “energia-planifikazioan kontutan hartzea, bertan eragin beharko da hobekuntza-neurri askotan”. Horretarako, egin behar diren inbertsioetan dirulaguntzak eskaintzea da bidea, baita herritarren sentsilizazioan eragingo duten kanpainak antolatzea.

Bestetik, energia-berriztagarrien azterketa era egin dute, Gautegiz Arteagako 13,64 kilometro karratuetan. Biomasa –basoek eta landaketek osatzen dute herriaren azaleraren %61a– gehiago lantzea, eguzki-energia termikoaren eta fotovoltaikoaren behar bezalako garapena ahalbidetzea, haize eta energia eolikoari bidea ematea edota hidrologiaren aprobetxamenduan eragitea –udalerrian badira zenbait ibai eta marea errotak– izango lirateke etorkizunerako bultzatu beharreko alorrak. Txostenak hainbat ekimen definitu ditu, datozen urteotan ekin beharrekoak. Eta lehentasunaren araberako hiru esparru ezarri ditu: berdea, lehentasun txikia duena: horia, ertaineko eta gorria, lehentasun handikoa. Planaren iraupena 20 urtekoa izatea erabaki da, “denbora honetan ekintza desberdinak” gara-tzeko aukera ematen duelako. “Gehienez bi urteko epean jarraipen-txosten bat garatzea proposatu da, plana izaten ari den inpaktua baloratu, inbentarioak eguneratu eta ekintzen egoera zehazteko”.