Duela gutxi sinetsi nahi ez genuena errealitate bihurtu da. Lurra berotzen ari da eta bere ondorioak mundu osoan islatzen dira; lehorteak, tenperaturak maximo historiokoetan… eta testuinguru horretan ez da ahaztu behar egungo krisiak erregai fosil guztietan eragiten duela, merkatua barne; prezio errekorrak, erregai eskasia eta pobreziaren gorakada. Egoera horri aurre egiteko, elorriotar talde batek energia berriztagarrien komunitate bat sortzearen aldeko apustua egin zuen. Erabaki hori hartu eta urtebetera, erronka gauzatzeko gai izan dira eta, Argiñola Durangaldeko lehen energia berriztagarrien kooperatiba bihurtu da. “Bi helburu nagusi ditugu. Alde batetik, kontsumoa murriztea. Argi daukagu energiarik merkeena kontsumitzen ez dena dela. Bestetik, ahal den neurrian, Elorrion energia berde eta jasangarri hori sortzea”, azaldu du Argiñola Kooperatibako Karmel Zuazok.

Proiektu ausart honen hasierak Anbotopeko Agroekologia Elkartetik datoz eta lehenengo hitzaldiak 2021eko urrian izan ziren. “Anbotopeko dendak urte batzuk daramatza produktu ekologikoak saltzen eta beste zerbait gehiago egin genezakeela ikusi genuen. Elkarte honek eta Argiñolak helburu batzuk amankomunean ditu; bertakoak gara, prezio duinak defendatzen ditugu eta denok irabaztea”, gogoratu du Zuazok. Eta buelta batzuk eman ondoren, Goiener irabazi-asmorik gabeko kontsumo-kooperatibarekin jarri ziren harremanetan, proiektua aurrera eraman ahal izateko. “Hainbat bilera izan genituen eta garrantzitsua da aipatzea ere kooperatibak udalaren sostengua daukala, udalbatzako hiru alderdien babesarekin. Honek konfidantza ematen digu proiektu arrakastatsu bai ekiteko eta bide honetan Elorriotarrok energia kontuetan ahalduntzeko”, azpimarratu dute energia berriztagarrien kooperatibatik.

Gauzak horrela, Argiñola kooperatiba publikoki aurkeztu zen joan den maiatzean. Proiektuaren talde eragileko ordezkariek azaldu zuten bezala, helburua da “subiranotasun iraunkorra bultzatzea Elorrioko energiaren esparruan, autokontsumorako sistema kolektibo horren bidez, non parte-hartzaileek ekoizten duten energia baliatzen duten”.

Iturri berriztagarriak

Izan ere, helburu horiek lortzeko aukerak badaudela argi dute. Hala nola, eguzkiak, haizeak, urak eta hondakin organikoek ematen duten energia ekoiztuz eta kontsumituz. “Beharrezkoa da energia-kontsumoaren ohiturak aldatzea, kontsumoa murriztuz, eta bestalde, iturri berriztagarriak erabiltzea”, defendatu dute Argiñolatik. Horretarako, energia aurrezteko ekimenak abian jartzeko asesoria energetikoa jarriko du martxan.

Zentzu horretan, udaren bueltan aholkularitza bulego bat zabalduko da udalerrian eta, adibidez, elektrizitatearen faktura ulertzen eta irakurtzen lagunduko dugu, hitzaldiak antolatuko dira; faktura tailerra, bonbila aldatze tailerrak, isolatze materialen tailerrak eta abar. Horrek, kontsumoa murrizten eta aurrezten lagunduko du.

Bestalde, Argiñolak energia berriztagarriak merkaturatzen eta sortzen lagunduko du, eta Elorrion energia berdeak erabiltzeko proiektuak gauzatuko ditu. “Lehen proiektua eskolako teilatuaren zati batean gauzatzea espero dugu”, aurreratu dute.

Kooperatiba berria hasierako fasean dago oraindik, baina Argiñola energiaz beteta dago, gauzak eraldatzeko prest. “Energia berriztagarriak Badajozen ipini ahal dira, baina egiten dugun apustua gure baliabideak erabiltzea da. Hemen sortzea”, laburbildu du Karmel Zuazok.

Argiñola

Kooperatiba. 2021eko urrian elorriotar talde batek energia berriztagarrien komunitate bat sortzearen aldeko apustua egin zuen eta joan den maiatzean, Argiloña Durangaldeko lehen energia berriztagarrien kooperatiba jendaurrean aurkeztu zen.

Bazkideak. Aurkezpen ekitalditik bazkideak egiten ari dira. Momentuz 42 bazkide dira eta proiektuak Elorrioko Udalaren babesa eta laguntza jaso du.

Helburuak. Bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, kontsumoa murriztea eta horretarako aholkularitza bulego bat irekiko dute. Eta bestetik, Elorrion iturri berriztagarriekin hainbat proiektu aurrera eramatea. Adibidez, eguzkiak, haizeak, urak edota hondakin organikoek ematen duten energia ekoiztuz eta autokontsumituz.