Botroeko Plasentia Museoak bere erakusketa atera egingo du kalera datorren larunbatean, maiatzak 20. Ekimen hau museoaren 25. urteurrena ospatzeko prestatutako ekitaldien barruan antolatuta dago, 'Istorioak biltzen' izeneko programaren barruan konkretuki.
Plentziako Hiria osatzen duten ondare nautiko, sozial, kultural eta artistikoarekin zerikusia duten istorioak. Efemeride hori ospatzeko ekitaldi nagusi gisa, museoak, Plentziako Udalaren laguntzarekin, jarduera programa antolatu du datorren larunbaterako, maiatzaren 20rako, bertako erakusketek ezkutatzen dituzten altxorrak eta udalerriko istorio bitxienak ezagutzeko.
“Museoa gure nortasunaren zeinua da, gure eskualdean parekorik ez duen museo-ondarea du, eta aintzatespena merezi du. Datorren larunbata, egun batzuk lehenago (maiatzak 18) ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, festa handia izango da, eta kaleetan museoaz eta bitxikeriez gozatzeko aukera izango dugu. Agian gehienentzat ezezagunak izango dira, baina horrek ez die garrantzia kentzen”, azaldu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.
Hasteko, 11:30ean, Rally Historikoa hasiko da ButroekoPlasentia Museoa dagoen eraikinetik, Martin de Plasencia kapitainaren abenturak ezagutzeko aukera emango duen jarduera. Parte-hartzaileek pertsonaia horrek ezkutatutako altxorra aurkitzeko proposatutako proba guztiak gainditu beharko dituzte. Jarduera jende guztiari zuzenduta dago.
Arratsaldean, “Museoaren alde ezkutua” izeneko bisita gidatuen txanda izango da, museoko biltegira eta Plentziako Udal Artxibo Historikora; izan ere, museoa ez da soilik begi-bistaz ikusten dena. Museoko erakusketan sartu aurretik pieza batek egiten duen ibilbidea ezagutzeko edo hiribilduaren ezagutza historikoa ezkutatzen den lekua ezagutzeko aukera da. Bisitak hainbat ordutegitan egingo dira (17:45, 18:45, 19:45 eta 20:45) eta aldez aurretik izena eman behar da Plentziako Turismo Bulegoan.
Herriko ondare artistikoak ere protagonismo handia du museoan. Oraingo honetan, antolatzaileek museoaren ingurua aire zabaleko erakusketa bihurtu gura izan dute, eta bertan ibilbide historiko paregabea egin ahal izango da. Hitzordua 18:00etan hasiko da.
22:00etan, elizako plazak naturaren, poesiaren eta dantzaren arteko elkarrizketa planteatzen duen“Geure(R)a” bideomapping eta dantza bertikal ikuskizuna jasoko du. Hiru dantzarik koreografia bat egingo dute, Juantxo Zeberioren musikak, Toti Martinez de Lezearen bertsoak eta Paco Gramajeren proiekzio bizidunek lagunduta.
Butroeko Plasentia Museoak gauez ere irekiko ditu ateak, 20 lagunetara mugatuta egongo diren bisita gidatuekin. Bertaratzen direnek kapitainen kontakizun historikoak eta Plentziako bitxikeriakezagutu ahal izango dituzte. Hiru emanaldi izango dira (23:00etan eta 00:00etan gaztelaniaz eta 23:30ean euskaraz) eta parte hartzeko beharrezkoa izango da Plentziako Turismo Bulegoan izena ematea.
Butroeko Plansentia, historiaz betetako museoa
Butroeko Plasentia museoa Hirigune Historikoan dago, Goienkale kalean, 1562. urtean datatutako udaletxe zaharreko eraikinean. Museo bat sortzeko lehen ahalegina 1994an izan zen, ontzioletan ontzi museoa jartzea proposatu zenean. Azkenik, museoa 1998an zabaldu zen gaur egun dagoen eraikinean.
Gaur egun, Euskadiko Museoen Sarearen barruan dago, eta 1.450 pieza baino gehiago biltzen ditu. Bilduma, jatorriz, izaera nautikoko museo bati zegokion, baina gaur egun objektu ugarik osatzen dute, Plentzian aurkitutako erromatar txanponetatik hasi eta eskultura edo artelanetaraino. Bilduma urtero handitzen da, norbanakoen dohaintzei esker batez ere, adibidez, Plentziako hondartzan aurkitutako XVIII. mendeko kanoi-bola bat.