Síguenos en redes sociales:

Gerra Zibilari lotutako lekuak nabarmenduko ditu Barakaldok Memoriaren Ibilbidea ekimenarekin

Barakaldoko Udalak herrian Gerra Zibilari lotutako lekuak nabarmenduko ditu 2020an martxan jarri zuen Memoriaren Ibilbideak izeneko programari esker. Hala, garai horretan erreferentzia izan ziren lekuak, hala nola ospitaleak, babeslekuak, bonbaketak jasandako aldeak, eta abar ezagutzeko aukera paregabea dira ibilbide horiek.

Horretarako, hirian izandako gertaera garrantzitsuen historia berreskuratzen duten 10 panel diseinatu dira. Horrela, bada, hor da Porturen Dartsena, matxinatutako bandoaren hegazkinek bonbardatu zutena. Era berean, nabarmentzekoak dira aireko babeslekuak, San Bizente kirol-hirian zegoenaren modukoa, egungo La Bondad kalearen azpian; Arrontegi mendikoak; Lutxanako tren-geltokiaren ondoan.

Beste panel batek Barakaldoko batailoiak jasotzen ditu, hala nola Barakaldo-Martínez Aragón-UGT 13 batailoia, EAE/ANVko 3. batailoia, Batallón Morteros, Batallón Celta edo Gordexola batailoia.

Beste panel batean, Barakaldok 1937an jasandako bonbardaketak ere nabarmentzen dira. Donibane, Aldapa, El Ahorro, Batzar Nagusiak edo San Inacio kaleetan gertatutako bonbardaketak segurrak dira, baina beste higiezin askok ere jasan zituzten bonben ondorioak.  Mikel Aizpuru historialariaren ikerketen arabera, 15 eraikin izan ziren erabat eraitsiak, eta 89k hainbat kalte jasan zuten.

Gerra Zibilaren garaian, gerra-ospitaleak ere izan ziren garrantzitsuak Barakaldon; horregatik, haiei buruz eskuragarri zegoen informazioa jasotzen duen panel bat sortu da:   La Salle anaien ikastetxea; Bizkaiko Labe Garaien ospitalea; Miranda fundazioa; Juan Ignacio Gorostiza ikastetxea (Franscisco Gómez kalea, 60); Arteagabeitia ikastetxea (Astarloa kalea) eta Munoa jauregia.

Beste paneletako batek Felipe del Ríoren borroka nabarmentzen du; armada errepublikarreko pilotu kementsuak misio ugaritan hartu zuen parte, 1937ra arte. Urte horretan zendu zen Galindo ibaiaren Ibar gaineko aireko borroka batean. Beste diseinuetako batean Ugarteko aerodromoa ageri da, Megapark eta Max Center merkataritza zentroen arteko A8 autobideak hartzen dituen lursailetan zegoena. Ez zen sekula erabili, lanak 1937ko ekainaren 6an amaitu zirelako matxinatutako armadak Barakaldo hartu baino hamasei egun lehenago, hain zuzen.

Gomas Garay lantegiak izan zuen eginkizuna ere nabarmendu da. Kautxuzko elementuak egiten zituen industriarako, XX. mendeko 20ko hamarkadan egin zen eraikinak. Gerra Zibilaren garaian, ordea, Errepublikako Gobernuaren zerbitzura jardun zuen, eta gerra industria bihurtu zen. 

Azken panela, Munoa Palazioari buruzkoa da, eta ospitale gisa jarduteaz gainera, beste erabilera batzuek ere izan zituen, hala nola, errefuxiatuei harrera egiteko leku. Parke mugikor bat, garraio intendentzia eta anbulantzia zeritzua ere ezarri ziren finkan.

Memoriaren Ibilbidea zehazten duen mapa bat da hamargarren panela, eta han agertzen dira panel guztien kokapenak. Panel guztiak eta beraien kokapenak Barakaldo visitbarakaldo.eus webguneko informazio turistikoan ere aurki daitezke, Barakaldoko Memoria Historikoan interesa duten herritarrek toki enblematiko horiek zeharkatzen has daitezen. Hurrengo urratsa, Barakaldoko Udalak prestatuko dituen ibilbide gidatuak.