Gogo betez hartuko dute aurtengoan ondarrutarrek Antxoa Eguna, maiatzaren 13an ospatuko dena. Egun osoko jai-egitaraua antolatuta, hogeitabigarren edizioa beteko du festak, “betiko oinarriak mantenduz”: produktuarekiko atxikimendua, kultura garatea, herriko eragileen parte hartzea eta gastronomia. Antxoa jana izan ohi da jardunaldiaren bereizgarrietakoa, eta non nahi izango dira arrain honekin osatutako pintxoak probatzeko aukera. Izan ere, Ondarroako Udalak “405 kilogramo antxoa banatuko ditu, eta horietatik 275 kilogramo herriko elkarte gastronomikoek prestatuko dituzte –Arranondo, Casa de Galicia, Eskilantxarri, Gau Hontza eta Pixape– gero herriko talde eta eragileek Nasa kalean ipinitako postuetan saltzeko, euro baten truke –Aurrera Geuria Txirrindu Elkartea, Arnasa Elkartea, Casa de Galicia, Danak Etxea, Harribide E.T., Kantaize Orfeoia, Karenka, Santoña Ameriketa Pala Taldea, Txirrimorraski eta Yaalah–.

“G kiloak herriko tabernei banatuko zaizkie, festarekin bat egiteko”, herri-administrazioako informazio iturriek gaineratu dutenez. Mila modutan prestatutako antxoak izango dira jardunaldian Antxoa Egunean zehar –pla-pla erera, antxoa pudinga, antxoa enpanadilak, antxoa-tortila, antxoa kroketak eta antxoa tenpura banatuko dituzte postu eta tabernetan–. Horrez gain, eta gastronomia gazteenei helarazteko, Gamarra Ostalaritza Eskolak umeei bideratutako ekimen gastronomiko bat antolatu du eta umeek antxoak ozpinetan egiteko aukera izango dute. 12:00etatik hasita eta 14:00ak arte, eta azoka gunean, Umeak Kozinatzen izenburupeko tailerra eskaniko dute.

Kirolak ere bere tokia izango du Antxoa Egunean zehar, baita asteburu osoan ere: “ia urtero egiten den modura”, Ondarroa Arraun Elkartearen eskutik Trainerilen Bizkaiko Ligako 3.jardunaldia jokatuko da badian, arratsladeko 16:00etatik aurrera. Igandean ere, maiatzaren 14ean ere, izango du jarraipena, 10:30etik aurrera. Azkenik, larunbatari amaiera aproposa emateko, Musika plazako taulagainera igoko dira Garilak 26 taldekoak.

Antxoa Egunak beste zenbait gozagarri izango ditu. Eta kulturari bere tokia emateko, urtero egiten den omenaldia ere ospatuko da: Zilarrezko Antxoaren ematea, arratsaldeko 14:00etan Alde zaharrean egingo dena. “Aurtengo omendua Josu Arrizabalaga Basterretxea izango” dela aurreratu dute Antxoa Egunaren antolatzaileek. “Arrizabalaga, urte luzez ari da Ondarroako berbak eta esaerak batu, aztertu, esanahia ondo zehaztu eta denak biltzen”, azaldutakoaren arabera. “Herri ondarea altxor bat dela esaten dugu beti, eta altxor hori webgune batean bildu du Arrizabalagak”, azaldu du Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziak. “Kultur arloko lantaldearekin berba egin ostean, uste izan dugu Antxoa Egunean Zilarrezko Antxoa ematea lan guzti honi eta herriari eta egungo zein datozen belaunaldiei egindako ekarpena aitortzeko aukera aparta dela”. Arribalagaren lana agirrearri.github.io/ondarruberbetan/ webgunean da go ikusgai.

Aitzindariak

Izan ere, ezin liteke ukatu Ondarroa euskal kulturari lotutako herria dela. “Aurreko mendeetatik datorren langintza bat da, aitzindari handiak izan dituena: Txomin Agirre, Augustin Zubikarai eta Jose Mari Azpiri idazleak, esanguratsuenak aipatzearren”. “Bide erakusle haien lanak ez du etenik izan, lan isil asko egin delako urteetan Ondarroako herri hizkera jaso eta zabaltzen. Etxean senideekin eta herrian auzokoekin entzun eta ikasi ditugun, abesti esaera eta lokuzioak ezagutu ditugu langile finak izan ditugulako herrian”, adierazi dute.