Urtero bezala, Arrigorriagako Udalak martxan jarri ditu datorren udan herriko haur eta gazteei bideratuko dizkion aisialdirako programak. Aurten, udako oporraldirako aisialdi eskaintza antolatu dute Gaztegunetik, Euskara sailetik eta Abusuko eta erdiguneko ludoteketatik. Udalerriko kirol taldeek ere, kanpus desberdinak antolatuko dituzte.

Honako hau da Udalak udaldirako antolatutako aisialdi eskaintza:

Gaztegunea

12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako eskaintza da (2006 eta 2011 bitartean jaiotakoak) eta hiru ekimen desberdin eskainiko dituzte:

  • Udaleku teknologikoak: ekainaren 26tik 30era arte, 10:00etatik 14:00etara, Arrigorriagako Gaztegunean (50 €). Robotika (First Lego League), bideojokoak sortzea (Geometry Dash), elektronika 3D inprimatutako sortze-lanekin, errealitate birtualeko betaurrekoak…
  • Sukaldaritza udalekuak: uztailaren 3tik 7ra arte, 10:00etatik 14:00etara, Arrigorriagako Gaztegunean (30 €). Jolas, dinamika, errezeta, erronka gastronomiko eta sukaldaritzaren bidez, elikadura osasungarriari buruz gehiago ikasteko.
  • Abentura anitzeko udalekuak: uztailaren 10etik 14ra arte, 08:30etik 18:30era, Sobron Abenturan (Araba) eta Lagan (100 €). Abentura parkea, big sup, kayak, Stand Up Paddle, paintball, eskalada, ferrata bidea, surf klaseak…

Udaleku bat baino gehiagotan izena eman ahalko da baldin eta leku libreak badaude. Hala ere, plazak mugatuak izango dira eta, beraz, eskaera-kopurua leku-kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo du Udalak.

Izen emateak maiatzaren 15etik 26ra arte egin ahalko dute familiek Arrigorriagako Gaztegunean (946 001 876) edo Abusu Zentro Soziokulturalean (944 792 930).

Udalekuak euskaraz

6 eta 11 urte bitarteko gazteei zuzendutako eskaintza da (2012 eta 2017 bitartean jaiotakoak) eta izena ematen dutenek euskara maila egokia izan beharko dute (gutxienez B edo D ereduetako ikasleak izan beharko dute).

Uztailaren 3tik 21era izango dira udalekuak eta umeek hainbat jardueretan (tailerrak, jolasak, irteerak, etab.) murgilduko dira. Beharra duten familientzako ere zaintza zerbitzua egongo da.

Udalekuen prezio arrunta 75 eurokoa da, baina hobariak izango dituzte anai-arrebak matrikulatzen dituztenek edo DBE edo GLL jasotzen dituzten familiek.

Izen emateak maiatzaren 15etik 19ra arte egin ahalko dituzte familiek udaletxeko HAZen (08:00-13:00) edo Abusuko edo Edurne Garitazelaia kultur etxeko liburutegian (16:00-20:00).

Ludotekak

5 urteko umeei zuzendutako eskaintza da (2018. urtean jaiotakoak). Udaleku hauek Abusuko eta herriguneko ludotekak antolatzen dituzte. Uztailaren 3tik 21era izango dira (10:00-14:00) eta umeek hainbat jarduera egingo dituzte: tailerrak, jolasak, irteerak edo ikuskizunak.

Behar duten familientzako zaintza zerbitzua ere egongo da 09:00etatik 10:00etara eta 14:00etatik 15:00etara. Udalekuen prezioa 35 eurokoa izango da (zaintza zerbitzuarekin 55 euro).

Izen emateak maiatzaren 15etik 19ra arte egin ahalko dute familiek udaletxeko HAZen (08:00-14:45), Abusu Zentro Soziokulturalean (08:00-20:00), ludoteketan (17:30-19:30) edo Edurne Garitazelaia kultur etxean (17:00-20:00).