Urtero bezala, etxeko txikienenei bideratutako aisialdirako programak antolatu egin ditu Abanto Zierbenako Udalak, Uda Bizi proiektuaren barruan. Besteak beste, txangoak, jolasak, tailerrak, abentura-jarduerak, espeleologia eta kirol anitzeko kanpusa eskainiko dira.

“Udako oporrak iristear daude, eta Abanto Zierbenako Udalak aurten ere adin txikikoei profesionalekin eta beren adineko lagunekin gozatzeko toki seguru bat eskaini nahi die. Hortaz, udako oporretan aisiarako, deskonektatzeko, dibertitzeko eta jolas egiteko jarduera-programa bat eskaini nahi diegu, arreta-gaitasuna indartzeko eta motibazioa areagotzeko xedez. Aldaketa hori beharrezkoa da energia berriztatzeko eta eguneroko ohikeria alde batera uzteko”, komentatu du Abanto Zierbenako Maite Etxebarria alkateak.

Jarduerak udalerrian erroldatuta dauden 3 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta lau talde desberdinetan banatuko dira: txikiak, ertainak (talde horren barruan “berdeak” eta “gorriak” egongo dira, taldeak homogeneoagoak eta jarduerak egokiagoak izan daitezen) eta nagusiak.

Txikiak taldekoek (2018-2019 bitartean jaio diren haurrak) udalekuetan ekainaren 26tik 30era egoteko aukera izango dute, eta bertan trebetasun desberdinak garatzen lagunduko duten txangoak, jolasak eta tailerrak izango dituzte, besteak beste.

Uztailaren 3tik 14ra ertainen txanda izango da, “Berdeak” taldearena (2015-2017 bitartean jaio diren haurrak) eta “Gorriak” taldearena (2012-2014 bitartean jaio diren haurrak). Bi asteetako batean kirol anitzak egiteko aukera izango dute, eta bestean, berriz, hainbat lekutara (Zientzia Museora edo Mendexako abentura-parkera, besteak beste) txangoak egingo dituzte. Halaber, egun batez artzain-lanak egiteko aukera izango dute Alluitz Naturan.

Nagusiak taldearen kasuan (2008-2011 bitartean jaio diren haurrak) beste bi aste izango dituzte, uztailaren 3tik 14ra. Asteetako batean abenturari lotutako jarduerak egingo dira, eta, bigarrenean, berriz, jarduera bereziak egingo dira, hala nola espeleologia.

Hezkuntza, Euskara eta Gazteria sailetako zinegotzi Iñaki Urrutiak jakinarazi duenez, “jarduera guztiak 09:30etik 16:30era arte egingo dira, eta honako hau izango da kostua: 30 euro pertsona bakoitzeko Txikiak taldearen kasuan, 33 euro/aste Ertainak taldearen kasuan eta 35 euro/aste Nagusiak taldearen kasuan”.

Izena maiatzaren 5era arte eman daiteke, astelehenetik ostiralera 07:30etik 14:30era arte, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, edo astearte eta ostegunetan 12:00etatik 15:00ak arte, Las Carrerasko Herritarrentzako Arreta Bulegoan. Udalaren webgunean ere eman daiteke izena.