Síguenos en redes sociales:

Musika Eskolarekin duen konpromisoa berritu du Abanto Zierbenak

Musika Eskolarekin duen konpromisoa berritu egin du ostegun honetan, apirilak 27, Abanto Zierbenako Udalak, 45.000 euroko dirulaguntza emanez, aurreko urtean baino 5.000 euro gehiago. Zentroaren helburua udalerrian egiten den musika, hezkuntza eta kultura-zabalkundeko lana babestea da. Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak eta Musika Eskolako zuzendari Miren Arrate Urionabarrenecheak sinatu egin dute akordioa.

“Udalak Abanto Musika Eskolari laguntza ematen jarraitu nahi du, aurten inoiz baino indartsuago; izan ere, dirulaguntza 5.000 euro handitu du, 2022. urtearekin alderatuta. Gure udalerrian musika-eskola bat izatea luxua da; horri esker, ikasle abantoarrek ez dute mugitu beharrik beren musika-trebetasunak garatzeko. Eskolari babesa ematen diogun bederatzigarren urtea da, jarraian. Udalerri honen ibilbide musikala azpimarragarria da; eskolak solfeoa eta instrumentuak ematen ditu txiki-txikitatik, eta horrek eragin handia du haurraren garapen artistiko eta musikalean”, esan du Maite Etxebarri alkateak.

Ikasturte hau musika-prestakuntzako 56 ikaslerekin eta prestakuntza instrumentaleko 177 pertsonarekin itxi da. Ikasle kopurua mantendu egiten da, eta pixkanaka-pixkanaka gora doa. Horrek argi uzten du irakasle guztien eta zuzendaritza-taldearen lana balioesten eta aintzatesten dela, hainbeste urteko lanaren ondoren.

Abanto Musika Eskolak musika-hezkuntza zabala eta dibertsifikatua eskaintzen du, hainbat maila eta modalitatetan, hastapenetik hasi eta maila gorenetaraino. Gainera, prestakuntza instrumentala eskaintzen du, banakako praktikara zein taldeko praktikara bideratua. Aukera dago tokiko instrumentuak jotzen ikasteko (alboka, panderoa, txalaparta, trikitia eta txistua), edo bestelako instrumentuak, hala nola pianoa, klarinetea, biola, gitarra, perkusioa, saxofoia eta tronpeta, baita kantua ere. Azken batean, instrumentu ugari ikas daitezke irakasle espezializatuen eskutik, zeinak programazio malgua, atsegina eta irekia garatzen duten.

Abanto Musika Eskolan izena emateko epeak ekainaren 5etik 23ra eta irailaren 1etik 8ra irekiko dira, Eskolako bulegoan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.