Auzokidetza sustatzea izango da Abanto Zierbenak berreskuratuko duen ekimenaren helburu nagusia. 'Auzoko afariak' ekimena berriro ere bueltan da Abanto Zierbenan, udalerriko taberna eta jatetxeen, Udalaren eta ACHA Merkatari eta Ostalarien Elkartearen eskutik. Ekimen hori maiatzeko ostiral eta larunbat gauetan kanpaina honi atxikitako edozein ostalaritza-establezimendutan janaria kontsumitzen duten edo etxera eramaten duten pertsona guztiei zuzenduta dago.
“Kontsumitutako afari bakoitzarekin txartel bat emango da, maiatzaren amaieran egingo den zozketan parte hartzeko. Bertan, 100 euroko opari-txeke bat zozkatuko da kanpainaren asteburu bakoitzeko. Beraz, 4 zozketa independente egingo dira”, azaldu du Merkataritza eta Turismo saileko zinegotzi Alazne Zenekortak.
Udalak asteburu bakoitzerako 200 zozketa-txartel banatuko dizkie atxikitako establezimenduei.
“Kanpaina honen helburua da gure udalerriko ostalaritza bultzatzea eta dinamizatzea; horretarako, herritarrek asteburuetan Abanto Zierbenako ostalaritza-establezimenduetan afaltzea edo haietan egindako produktuak etxean kontsumitzea sustatu nahi dugu”, adierazi du Maite Etxebarria alkateak.
Aurten, guztira udalerriko hamahiru establezimendu atxiki dira kanpainara. Taberna eta jatetxe horiek Abanto Zierbenako auzo guztietan daude banatuta.
“Herritar guztiak animatzen ditut ekimen honetan parte hartzera eta gure udalerriko establezimendu anitzek eskaintzen duten gastronomiaz gozatzera”, esan du amaitzeko Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.