Merkataritza- eta gastronomia-bonuen kanpaina berriak jarriko ditu martxan Durangok
Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Durangoko Udalak martxan jarri zituen pasa den asteazkenean, apirilak 19, merkataritza- eta gastronomia-bonuen kanpaina berriak. Hala, 9.600 bono jarri dira salgai, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko.
Bonuek gutxienez 144.000 euroko eragin ekonomikoa izan dezakete tokiko negozioetan, eta dagoeneko kanpainaren webgunearen bidez eta Turismo Bulegoan eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) dauden herritarren kutxazainetan eros daitezke.
Pertsona bakoitzak gehienez sei bonu erosi ahal izango ditu, aurreko kanpainetan baino bi gehiago. Bonu horiek apirilaren 19tik ekainaren 11ra arte kontsumitu ahal izango dira, eta, ondoren, ekainaren 11 igarotakoan, bonuak iraungitzat joko dira, eta ezingo dira establezimendutan trukatu, ez eta ondorengo kanpainetarako ere. 10 euroren truke 15 euroko bonu bat erosi ahal izango da; beraz, pertsona bakoitzak gehienez 30 euroko deskontua lortu ahal izango du.
Establezimenduak atxikitzea
Oraindik ere kanpainara atxiki ez diren establezimenduak badaude, egoitza elektronikoaren bidez egin dezakete honako esteka honetan. Izapidea egiterakoan zalantzarik izanez gero, Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuarekin (HAZ) jarri ahal izango dira harremanetan (94 603 39 38 telefonora deituz edo whatsapp bat bidaliz).
Durangoko Udalak bonuen programan parte hartzera eta tokiko negozioei laguntzera gonbidatu ditu durangarrak. Merkataritza bonuak erosi eta trukatzean, kontsumitzaileek deskontu eta eskaintza bereziak izango dituzte, eta hazkunde ekonomikoari eta tokiko komunitatea sendotzen lagunduko dute.