Frantziako Tourra Euskaditik abiarazteko 70 egun falta direlarik, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Tour Eguna ekimena ospatuko du igande honetan, apirilak 23, Barakaldok.
Uztailaren 1ean hasiko den Grand Boucle-aren lehen hiru etapak Euskal Herrian garatuko dira oso-osorik. Txirrindularitzaren jaialdi nagusietako baten presentzia aprobetxatuz, barakaldarrek aukera izango dute kirol gogor honen balioa eta gora-beherak ezagutzeko. Goizean zehar hainbat jarduera egingo dira:
- Pumptruc edo trebetasun-pista (haurrentzako bizikletak eta kaskoak eskuragarri).
- Gymkana (bizikletak eta kaskoak egongo dira).
- Mekanika-tailerra. Gurpil bat aldatzeko edo katea konpontzeko gai izateko.
- Mugikortasun-karpa. Bizikleta elektrikoak probatu ahal izango dira, adibidez.
- Bide-segurtasuneko karpa. Pintura-jolasak eta -tailerrak egongo dira. Marrazki bat egiten parte hartzen duten haurrek Tourreko maillot hori ofizial baten zozketan parte hartu ahal izango dute. Zozketa 14:00etan egingo da.
- Tourreko museoa. Lehen eskutik ikusi ahal izango dira maillot ofizialak (horia, zuria, puntuzkoa eta berdea) eta Tourren historia ezagutu ahal izango da. 2023ko Grand Departament-ari buruzko informazioa egongo da, etapen xehetasunak barne.
- Denda ofiziala maillotekin, biserekin, elastikoekin eta abarrekin.
- Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren karpa. Bertan, bizikletaren neurri egokiak ezagutzen lagunduko zaie haurrei, bizikleta behar bezala erabiltzeko: biomekanika.
- BizkaiaGara karpa. Herritarren ekintzarako, boluntariotzarako eta lan komunitariorako espazioa, lurraldeko jendeare neta erakundeen zerbitzura dagoena. Bizkaiko Foru Aldundiak, EDE Fundazioak eta BBKk sustatutako proiektua.
Hiriko txirrindulariei omenaldia
Tour Egunaren jardunaldia dela eta, Barakaldoko Udalak gorazarre egin nahi die txirrindularitza bultzatzeko zeregin garrantzitsua izan duten hiriko pertsona eta erakundeei. Omenaldia 12:00etan egingo da, Juan Tomás Martínez Barakaldoko Sumendia txirrindulari ospetsuari egindako lanagatik eskerrak emanez. Biker Kolektiboa osatzen duten txirrindulari-elkarteek (Txirrindulari Elkarte Barakaldarra, Baraka Bike eta Altzairuzko Birika) hainbat hamarkadatan egindako lana ere sarituko da.