Síguenos en redes sociales:

Ermuak Vértigo Rock jaialdia jasoko du maiatzean

Goi mailako musika emanaldiak helduko dira Ermura maiatzean. Hilaren 12an eta 13an konkretuki, Vertigo Rock jaialdiaren 15. edizioa ospatuko da udalerrian, orain arteko ediziorik handiena izango dena. Orain arte 15 taldek konfirmatu egin dute euren presentzia.

Bere filosofiari jarraiki, jaialdi honen antolakuntzak ahalegina egin du tokiko taldeen ordezkaritza ahalik eta handiena izan dadin. Horrela, kartelaren erdia Ermuko taldeek osatzen dute, eta Alboka Musika Eskolarekin elkarlanean arituko da Vertigo berriz ere, udalerriko gazteek eszenatoki batera igotzeko aukera izan dezaten.

Egitaraua maiatzaren 12an, ostirala, arratsaldean hasiko da elektrotxarangarekin, herriko kaleetan giroa berotzeko. Ondoren, Bichorraro eta We Are Apes, Hello! ermuarren kontzertuak izango dira Orbe Kardinala plazan.

Larunbatean, hilak 13, Betiondon ospatuko da jaialdia, eta bi eszenatoki izango ditu: bata nagusia, aurreko urteetan bezala, eta Xabier Ciarsoloren omenezko karpa bat, soinurik hardcoreenak bilduko dituena.

Ktulu, Asgarth eta Yugular dira Vertigo Rock jaialdiaren XV. edizioko talde nagusiak. Ktulu kataluniarrak Ermuan izango dira euren 35. urteurrena thrash metalaren erritmora ospatzeko eta Asgarth donostiarrek, berriz, euskarazko heavy metal doinu melodikoak ekarriko dizkigute. Yugular, bestalde, Non Servium, Kaotiko eta Arkada Social taldeetako kideek osatzen dute, eta filtrorik gabeko punk proposamen basatia aurkeztuko dute.

Hardcore doinuen zaletuek Adrenalized donostiarrak, Brothers Till We Die madrildarrak eta Ekinocio eibartarrak izango dituzte gozagarri, eta metal alternatiboa ere ez da faltako Bones of Minerva madrildarren eskutik, ezta Shöck konboaren punka ere, Bilbotik eta Lleidatik zuzenean.

Larunbateko egitarauan, gainera, herriko bost talderekin gozatu ahal izango dugu, dagoeneko eskarmentudunak nahiz labetik atera berri-berriak. Orihenek hamargarren urteurrena ospatuko du Vertigon, Storbais mitikoekin batera, eta, aldi berean, hiru talde ermuar estreinatuko dira maiatzaren 13an eszenatoki gainean: Indabak, Painapple eta Makis 37.

Antolakuntza lanean ari da larunbateko jardunaldia osatuko duten jarduera gehiago sartzeko. Gainera, jaialdiaren kamiseta eta txapel ofizialak eros daitezke herriko ekimen hau babesteko.