Datorren igandean, apirilak 16, hasiera emango dio Abanto-Zierbenak Euskal Asteari. Horretarako, egitarau zabal-zabala prestatu egin du Udalak, apirilaren 22an ospatuko den Euskal Ezkontza ekitaldi nagusia izango delarik, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta lau urte geroago.

Euskal Astearen helburua bikoitza da; alde batetik, euskararen erabilera sustatzea, eta, bestetik, gure ohituren balioa azpimarratzea.

Euskara arloko zinegotzi Iñaki Urrutiak programazioa azaldu du: “Euskal Astea apirilaren 16an hasiko da, eta udalerrian zehar bizikleta martxa egingo dugu. Astelehenean (apirilak 17), Dolores Ibarruri Institutuko DBHko 1., 2., eta 3. mailako ikasleek herri kiroletako probak egingo dituzte Eusko Gudariak plazan eta DBHko 4. mailako ikasleek Txurrurekin (EITBko aurkezlea) hitz egiteko aukera izango dute, derrigorrezko bigarren hezkuntza bukatu ondoren euskaraz ikasteak duen garrantziari buruz.

Asteartean (apirilak 18), mintzodromoa egingo da, eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan Sarkina liburua aurkeztuko da. Asteazkenean, ikastegietako txikienen txanda izango da; izan ere, lau ikastetxeen artean egin duten eta Udalak editatu eta argitaratu duen ipuin bat emango diegu, euskaraz idatzitako literaturaren alde egiten jarraitzeko.

Bertsoak izango ditugu erdigunean ostegunean (apirilak 20); horreterako, bertso topaketa antolatu dugu, eta bertan lehen hezkuntzako ikastetxe guztietako 240 ikaslek hartuko dute parte. Arratsaldean, publiko eta familientzat, “Gora bihotzak” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu Sanfuentesko pilotalekuan (18:00).

Ostirala (apirilak 21) jardueraz betetako eguna izango da. Goizean, lehen hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek ROSKOA lehiaketan parte hartuko dute eta lehiaketak Pasapalabra programa ezagunaren antzeko formatua izango du. Arratsaldean, Kultur Etxeko ekitaldi aretoan etxeko txikienek Hodei magoarekin ondo pasatzeko aukera izango dute 18:00etan. Halaber, 19:00etatik aurrera, gazteenek bertso-poteoa, bertso-afaria eta OXABI taldearen erromeria egiteko aukera izango dute, Gallartako Eusko Gudariak plazan.

Igandean (apirilak 23), Gallartako Eusko Gudariak plazan Herri Kiroletako Eskola Kirolen Bizkaiko txapelketaren bigarren eguna antolatu da, haurren eta kadeteen kategorian.

Euskal Ezkontza

Pandemiaren ondorioz, bi urtez ezin izan dugu Euskal Ezkontza bizitzeko aukerarik izan, baina aurten dena prest dago Euskal Ezkontzarekin Abanto Zierbenako Euskal Asteari amaiera emateko. Ezkontza larunbatean egingo da (apirilak 22) Las Carreras auzoan.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da, jarraigoak senargaiaren eta emaztegaiaren etxeetatik ateratzen direnean, Abanto Musika Eskolako musikaz lagunduta. Senargaia aurten Murrieta auzotik aterako da, eta emaztegaia, berriz, San Lorenzo auzotik. Bikotea Trinidad plazan elkartuko da eta notarioak dotea irakurriko du. Halaber, Askartza Isusi ikastetxeko ikasleek bertso batzuk eskainiko dituzte. Enarak Dantza Taldeak dantza egingo du bikotearen omenez.

Jarraian, 13:00ak aldera, meza egingo da San Pedro Apostol elizaren zelaian, eta bertan Otxote Muñatones taldearen eta Las Karretako San Pedro Ogeita Lau abesbatza mistoaren abestiak entzuteko aukera izango dugu. Enarak dantza taldeak berriro ere ezkonberrien aurrean dantza egingo du.

Ezkontza ospatzeko, Udalak Las Carrerasko Emelka emakumeen elkartearen laguntzaz, otordu txiki bat eskainiko du bikotearen omenez Haritzalde plazan. Ondoren, 15:00ak aldera herri bazkaria egingo da Las Carrerasko pilotalekuan. Beti bezala, bazkarira ohiko euskal jantziekin joango gara, eta dagokion tiketa sarreran aurkeztu beharko dugu. Tiketak apirilaren 12tik 18ra egongo dira eskuragai honako taberna hauetan: Donde Nere, Angulo, El 14 eta Meatza; prezioa: 15 euro bakoitza.

Bazkaria bukatu ondoren, eta ondo pasatzeko xedez, 17:00etatik 19:00ak arte Erdizka Lauetanen eskutik erromeria izango dugu, Las Carrerasko pilotalekuan. Erromeria bukatu ondoren, Bentazaharreko Mutil Alaia taldearekin Las Carreras auzoko kaleetan barrena ibiliko gara, euskarazko ohiko abestiak kantatzeko.  Eta, eguna bukatzeko, Haritzalde plazan mokaduak hartzeko aukera izango dugu.

“Auzokide guztiak egun berezi hau ospatzera gonbidatzen ditugu, Euskal Ezkontza bizitzeko eta sortuko den giro paregabeaz gozatzeko”, azpimarratu du Iñaki Urrutiak.

“Euskal Aste honi esker udalerriko auzo nagusietan barrena murgilduko gara, eta, beste behin, gure udalak hizkuntzarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko duen konpromisoa agerian jarriko dugu”, azpimarratu du Maite Etxebarria alkateak.