Síguenos en redes sociales:

Arrakasta handia izan du pandemia osteko lehenengo ‘Zaintza barik, bizitzarik ez’ proiektuak

Koronabirusaren pandemia dela eta egin beharreko etenaldiaren ondoren, Elorrioko Udalak berreskuratu egin du aurten 2018an eta 2019an martxan jarri eta garatutako 'Zaintza barik, bizitzarik ez' izeneko proiektua. Egitasmo honi esker, mendekotasuna duten pertsonen zaintzan lanean diharduten 21 emakumek formakuntza jaso ahal izan dute. Cony Carranza hezitzaile feministak gidatu egin du osasun zentroko erizainek eta medikuek, Kainabera elkarteak eta Elorrioko Bilgune Feministari esker sortutako formazio hau.

Hamar saio izan dira guztira; sei ezagutza sanitarioak eskuratzeko eta lau ahalduntze prozesuak garatu eta emakumeen arteko aliantzak estutzeko.

Lan arloko konfiantza handitzea, autozainketa bultzatzea eta komunitateharremanak sustatzea izan dira egitasmo honen helburuak, besteak beste. Alazne Mendizabal Berdintasun zinegotziak azpimarratu du Elorrio atseginagoa bilakatzeko helburuaren baitan, ezinbestekoa dela komunitate-sarea ehuntzea eta zaintza lanen garrantziaz jabetzea: “Herri mailako kontzientzia sortu nahi dugu, zaintza lanak erdigunean jarri eta herriko bizitzan zein herritarrengan duen garrantzia azpimarratuz. Hau da, gehienbat emakume migranteek egiten duten zaintza lan hori ikusaraziz eta askotan egoera prekarioan diharduten lan horren balioa handituz, eskubideak aldarrikatu eta bermatzeaz bat”.

Parte-hartzaile nahiz sustatzaile eta formatzaileek balorazio positiboa egin dute. Asteartean, zikloa amaitzeko, Idoia Buruaga alkateak eta Alazne Mendizabal zinegotziak diplomak banatu zizkieten emakumeei.