Pediatria eta erditzeak artatzeko zerbitzua Galdakao-Usansolon eskaintzeko mozioa onartu du Elorriok
EH Bilduren baiezko botoekin eta EAJren abstentzioarekin, Elorrioko Udalak onartu egin du asteazken honetan Galdakao-Usansoloko Ospitalean oinarrizko pediatria zerbitzu bat eta arrisku baxuko erditzeen artatze-zerbitzuaren aldeko udal-mozioa.
Galdakao-Usansoloko ESIak 300.000 biztanle hartzen ditu bere baitan –sei bailara eta 70 udalerri–, halere, Elorrioko udal-gobernuak salatu du gabezia handiak dituela: “Historikoki Galdakao-Usansoloko Ospitaleak eduki duen –eta gaur egun duen– osasun-arretaren gabezia nabarmena da ez duela oinarrizkoak diren pediatria-zerbitzurik eta erditzeak artatzeko eremurik. Horrek esan nahi du, adibidez, gure herriko umeek ospitaleko larrialdi bat edo ingresu bat behar dutenean, Gurutzetako Ospitaleraino jo behar dutela”, adierazi du Maria Herrero alkateordeak.
Elorrioko Udalak uste du orain dela eskaerak egiteko unea, izan ere, Osasun Sailak 28.000.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Ospitalera, 30.000 m2-ko eraikin berri bat eta aparkalekuak egiteko. Eraikin berrian hemeretzi espezialitatetako kanpo-kontsultak, medikuntzako ikasleentzako irakasgunea, administrazioko bulegoak, liburutegia eta etxez-etxeko ospitalizazio zerbitzua kokatuko dira. “ Egingo diren hobekuntza horien artean ez da aipatu ez pediatria zerbitzurik eta ezta arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunerik ere. Uste duguberregituraketa une hau baliatu behar dela horiek exijitzeko”, dio Herrerok.
Eragin handia herritarrengan
Bizkaian, oinarrizko eta konplexutasun gutxiko zerbitzuak deszentralizatuta daude –herritarrengandik hurbilago–, baina espezializazio handiko prozedurak Galdakao-Usansolon zentralizatuta daude. Halere, bertan ez dira zerbitzu guztiak ematen –pediatria zerbitzu bat eta arrisku baxuko erditzeen artatzezerbitzua– eta Elorrioko Udalak azpimarratu du horrek zuzeneko eragina duela herritarrengan: “Haurren arretari dagokionez, gurasoak etengabeko joan-etorriak egitera derrigortuta daude, haurrek gurasoen presentzia behar-beharrezkoa baitute egoera zaurgarri horietan. Bereziki nabarmentzekoa da horrek familia zaurgarriengan eragiten duena.
Bestetik, erditzeak artatzeko zerbitzuari lotuta ere, egoera onartezina dela uste du Elorrioko Udalak: “Emakume haurdunak ez dagokien eta ezezaguna zaien beste Gurutzetako Ospitale erraldoira joan behar dira erditzera. Horren aurrean, emakume askok erabakitzen du ospitale txikiago batera joatea bertan eskaintzen zaizkien abantailen bila (Mendarora edo Arrasatera)”. Horrekin lotuta, Udalak azpimarratu du erditze-eredua asko aldatzen ari dela eta ospitaleetan horri erantzuteko eraldaketak hasiak direla. Espazioak berrantolatzen eta egokitzen ari dira, intimitatea eta mugimendua ahalbidetzen duten guneak sortzeko, eta gorputz-jarrera desberdinak hartu ahal izateko tresna eta gailu berriak darabiltzate. Bizkaiko ospitaleetan, baina, aldaketa ez doa behar bezain azkar; ez dago, adibidez, bainuontzidun ospitalerik.