Durango

– Udalerriko baso publikoetan inbertitzeko politikarekin aurrera jarraituz eta, batez ere, espezie autoktonoak landatzeko eta bertako natura eta biodibertsitatea zaintzeko helburuarekin, toki administrazioak bi mendi erosteko izapideak hasi ditu. Lehenengo mendiak jabetza publikoko bi mendi ditu mugakide, Landaederrako babeslekuaren ondoan, Basobaltza izenekoa. Bigarrenak, Santa Luzia eta Katazka auzoen artean dagoenak, onura publikoko mendiekin egiten du muga. Bi kasuetan, landaketa autoktonoak sustatzen jarraitzea izango da helburua. Guztira, Udalak 32.424 euro inbertituko ditu.

Zortzi hektarea baso inguru izango dira udalak erosiko dituenak eta biodibertsitatea errazteko asmoz, zuhaitz autoktonoak eta fruta arbolak landatzea sustatuko du San Andres aisialdi gunearen ondoan dagoen mendian. Basobaltza izeneko mendia landatzea ere sustatuko da.

“Erakundeok gure basoak errespetatu eta babesteko ardura dugu, ingurumen politika ausarten bidez. Eskuratuko ditugun bi basoek natura ahalmen handia dute. Ikusten dugunez, baso pribatu askok azkar hazten diren baina inbaditzaileagoak diren espezieak landatzeko joera dute, eukaliptoaren kasuan bezala. Durangoko Udaletik gure baso autoktonoen biodibertsitatea sustatzearen aldeko apustua egiten dugu gure basoetan”, adierazi zuten udal arduradunek.

Biodibertsitatea sustatzearen aldeko apustua ez ezik, azken asteetan hainbat ibilbide egin dira Alpino Tabira Mendi Klubaren laguntzarekin. Egitasmo honen helburua durangarrei eta kanpokoei Durangoko mendiak eta natura ezagutaraztea da. Horretarako, panel informatibo ezberdinak jarri dituzte ibilbideak seinaleztatzeko.