Datorren asteburuan, apirilaren 1ean eta 2an konkretuki, jasoko ditu Barakaldok Euskadiko lehenengo katu-jadrunaldiak. Bi egun horietan, katu eta gizakien arteko bizikidetzaz eta bioaniztasunaz hausnartu nahi da, bai eta kale-animaliak - bereziki katuak - zaintzeko jarraibideak eman ere, hirietan animalien ongizatea areagotzeko eta bizilagunen eta animalien arteko elkarbizitza hobetzeko. Apirilaren lehenengo asteburuan egingo diren jardunaldiotan, tailer didaktiko eta praktikoak ez ezik, gaian aditutakoen mahai-inguruak ere izango dira. Gainera, HEA (Harrapatu, Esterilizatu eta Askatu) metodoa emango da ezagutzera, katu-populazioak osotara kudeatzeko eredua.

Beti izan dira katuak gizakien inguruan, giza-jarduerak bizirauteko baliabideak eskaintzen dizkietelako, eta haien izaera harrapariari esker, zenbait izurrite deuseztatzen dituztelako. Sinergia horrek, baina, arazoak eta enbarazoak dakartza. Abandonatutako katuak modu okerrean bizi dira azkenean, eta jende askok, errukiturik, janaria ematen diete, bai eta zaintzen ere, aldez aurretik batere kudeatu eta koordinatu gabe. 

Eta hori hala gertatzen da, bai hirietan bai herrietan. Horretarako antolatu ditu Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloko Zinegotzigoak Katualdiak Euskadiko lehenengo katu-jardunaldiak, BIC Bizkaia Ezkerraldean, apirilaren 1ean eta 2an.

Katuen ongizatea zertan datzan ezagutaraztea da Katualdiak-en helburua, batez ere kale-katuena eta katu komunitarioena: katu-koloniak zaindu eta babesteko estrategiei buruzko topagune bat, katuen, gizakien eta bioaniztasunaren arteko bizikidetaza antolatu eta hobetzeko eta erakundeen, enpresen eta gizarte zibilaren arteko eraikuntza-aliantzak sortzeko.

"Prestakuntza-, dibulgazio- eta kontzientziazio-premiatik sortu da Katualdiak.  Lehenengo topaketa honetan, kolonien eguneroko kudeaketaren alderdi legalak, albaitaritzakoak eta praktikoak landuko ditugu, eta, horretarako, Euskadiko beste udalerri batzuetako esperientzia zehatzak partekatuko dituzten adituekin egongo gara, baita Estatuko gainerako udalerrietakoekin ere", adierazi du Carlos Fernández Barakaldoko bigarren alkateordeak, zeinak jardunaldiak aurkeztu dituen Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala arloko zinegotzi ordezkari Alba Delgado, Lagunak elkarte animalistako kidea María del Carmen Rodríguez Martín eta Katu Ametsak APA CES elkarteko Miriam Izquierdorekin batera.

Katualdiak-en, zubiak eta elkarlana eraikiko ditugu erakunde, elkarte eta herritarren artean, guztion artean gure kaleetan bizi diren katuen ongizatea bermatzeko, gure herri eta hirietan elkarrekin erraz bizi gaitezen. Izan ere, gure faunaren eta hiri-paisaiaren parte dira kale-katuak. "Ohituta gaude haiekin bizitzen, eta gure eguneroko bizitzaren parte dira", adierazi du Alba Delgadok.

Horrela, bada, apirilaren 1ean, larunbata, eta 2an, igandea, mahai-inguruak eta tailer didaktikoak egingo dira kolonien eguneroko kudeaketaren alderdi legalak, albaitaritzakoak eta praktikoak taxutzeko, BIC Bizkaia Ezkerraldean. Ikuspegi etiko eta praktikotik abiatuta, arreta berezia jarriko zaio HEA/CES metodoari (Harrapatu, Esterilizatu eta Askatu): katu-populazioen kudeaketa integraleko eredu honek pixkanako murrizten du katu-kopurua, eta haien ongizatea hobetzen. 

Parte-hartzaileen izenen artean nabarmendu beharrekoak dira: Mercedes Vara, FdCATSen sortzaileetako bat eta Kordobako HEAren koordinatzailea; Xabier López, Legazpiko Udaltzaingoko burua; Tania Velasco, Katu Medikuntzan akreditatua; María Gonzalez Lacabex, Animalex Animalia Zuzenbidean aditutako abokatuen bulegoko zuzendaria; edo Los cuatro de la empanadilla, estualdian diren katuak erreskatatzeko eta salbatzeko beren burua talde gisa izendatzen dutenak.