Datorren asteartetik, martxoak 28, maiatzaren 28ra bitartean, ikusgai egongo da Rekalde Aretoko erakusleihoan Belgikan jaiotako Jonathan García Lana/Tunipanearen lana. Ekimen hau Barriek erakusketa zikloaren barruan dago antolatuta.

Erakusketen foru aretoa, horrela, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekoizpen laguntzak izan dituztenen bertako artisten egungo sorkuntzak ikusi eta ezagutzera emateko plataforma bihurtzen da.

Zoriaren erritmo intimoa 2020an hasten den ikerketa-prozesu bat da, eta eraikuntza mekaniko eta robotikoen bidez ausazkotasunaren kontzeptuak soinuaren arloan eskaintzen dituen berezitasunak aztertzen ditu. Ikerketa hori soinu-instalazio automatizatu gisa aurkezten zaio publikoari, batzuetan parametro interaktiboekin.

Pieza bakoitza zenbait berezitasunekin erabili edo eraiki da, soinu-egoera edo -paisaia desberdinak irekitzeko aukera ematen dutenak, eta, aldi berean, zoriaren ideiari buruzko hausnarketa-modu bat eskaintzen dutenak, adierazteko aukera gisa.

Pieza instalatzaile gisa funtzionatzeaz gain, musika-tresna gisa duen erabilera ere aztertu da, batzuetan interpreteekin interakzioan arituz, beren bitarteko edo instrumentuen bidez proposamenak beren konposizio eta inprobisazioetan integratu baitituzte.

Zoriaren erritmo intimoa erakusketaren irekierak kontzertu formatuko ekitaldi berezi bat izango du, bertan Tunipanea artistak eta Garazi Navas akordeoi jotzaileak parte hartuko dute, martxoaren 31n, automata ezberdinak musika inprobisazioaren bidez aurkeztuz. Pieza instalatibo bakoitza erronka bat da, eta Garazi zuzenean eta aldi berean hitz egiten saiatuko da; bilaketa horretan sortzen dira soinu inprobisazioko une paregabeak.

Tunipaneako automatak

Tunipanearen Zoriaren erritmo intimoa erakusketak Rekalde Aretoko erakusleihoko instalazio bat erakusten du, honako pieza hauekin:

Metalofono mekanikoa. Automata hau antzinako piano baten piezekin eraikita dago, horiek 3D inprimaketa, laser-ebaketa eta fabrikazio digitaleko beste teknika batzuekin egokitu ondoren. Konposizioak goranzko noten lerro bat eta beheranzko beste bat ditu, eta elkarren artean gurutzatzen dira. Partitura birtual sinple horri iragazki algoritmiko bat aplikatu zaio, eta horrek notak ausaz deskonposatzen ditu, erabat desintegratu arte.

Zori-estudio kolpekatua #4. Soinu-instalazio hau eratzen duen elementu motorizatuak helize birakari batzuk aktibatzen ditu, kristalezko eta zeramikazko hainbat objektu kolpekatzen dituzten pilotekin. Denborazkotasun mugagabeko proposamena da, eta lasai gozatzea gomendatzen da, garatu ahala zabaltzen duen soinu-paisaia introspektiboa hautemateko.

Hari-dorrea. Pieza honek zoria aztertzen du gurpilak eta motorrak dituen mekanismo baten bidez, horiek tentsio desberdineko alanbrezko sokak sakatzen baitituzte. Gurpilak abiadura- eta sinkronia-loturarik gabe biratzen dira, eta, beraz, emaitza melodikoa beti da aldakorra.

EKHO. Musika-automata bat, jatorriz ahots eta musika-tresnen interpreteekin funtzionatzeko diseinatua. Elkarlaneko zuzeneko askotan erabili da. Izan ere, automata gai da ahotsaren hainbat ezaugarri zuzenean detektatzeko eta berehala eramateko bere mekanismo akustikora; horrela, harreman zuzena eta aurreikusteko zaila sortzen da elkarreragiten duen pertsonaren eta makinaren artean.

Bitartekotza-programa eta jarduera didaktikoak

Erakusketarekin batera, bitartekotzako eta didaktikako jarduera osagarrien multzo garrantzitsu bat garatuko da, hala nola bisitak eta tailerrak familian. Maiatzaren 6an Tailerra familian (4-11 urte), maiatzaren 5,12 eta 19an Arte eta Memoria tailerra (60 urtetik gorakoentzat), maiatzaren 11n Artista tailerra Tunipanearekin, maiatzaren 20an Tailerra familian Tunipanearekin (6-12 urte), maiatzaren 21ean On The Road tailerra (6-12 urte) ingelesez eta maiatzaren 21ean Elkarrizketak (3-6 urte).

Jarduera guztiak doakoak dira eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 944068532 edo salarekalde@bizkaia.eus-en.