Abadiñoko probalekua telebista-plato bihurtuko da EITB-k estreinatuko duen 'Harri Herri' izeneko programa dela eta, bertan grabatuko baita martxoaren 27an estreinatuko den atala.

28 harri jasotzailek hartuko dute bertan parte, 16 gizonezkok eta 12 emakumezkok; eta launa taldetan lehiatuko dira, lau gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan. Talde bakoitzak talde-buru edo kapitain bana izango du: Luis Mari Telleria, Izeta II.a, Joseba Ostolaza eta Zelai II.a; eta aurkezleak, berriz, Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia izango dira. Hiru saio emango dira guztira, bi finalerdi eta finala; eta Abadiñoko probalekuan grabatuko dira probak. Larunbatean, martxoak 11, egingo da bertan final handia 19:00etatik 21:00etara, eta publikoak bertan egoteko aukera izango du (sarrera librea da).

Astearte honetan, martxoak 7, aurkeztu du saioa EITBk Abadiñoko probalekuan bertan. Ekitaldian izan dira Mikel Garaizabal Abadiñoko alkatea, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria eta saioko talde bakoitzeko kapitain edo talde buruak: Luis Mari Telleria, Izeta II.a, Joseba Ostolaza eta Zelai II.a. Horrez gain, Luis Mari Bengoa Egur Sport enpresako arduraduna eta Igor Duñabeitia Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidentea egon dira bertan. Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak aurkezpenean azpimarratu duenez, "herri-kirolak gure nortasunaren parte dira, baina probaleku hau bezalako espazioak behar ditu ikuskizunak bizirik eta gure kirol-agendan presente jarrai dezan". "Gainera, ETBk bultzatutako hau bezalako programak behar ditu, publiko zabalarengana eta gure kirol tradizionalekin hunkitzen jarraituko duten publiko berriengana iristeko", gaineratu du.

Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak ere herri kirolen eta bereziki harriaren munduko pertsona, elkarte eta "izateko erak" nabarmendu ditu. "Familia, talde-lana, esfortzua eta ilusioa. Lau kontzeptu hauek gabe nekez ezagutu daiteke herri kirol unibertsoa", adierazi du EITBko Kirol zuzendariak. "Hemen ere balio hauek ikusgai izango dira", aurreratu du Urkiolak "Harri Herri" saio berria hizpide. "Harria hartu dugu komunikazio tresna, herri honetan kirol honek daukan garrantzia adierazteko nahi eta gogoz. Harriaren unibertsoa etengabeko eboluzioan dago, aldaketa konstantean; eta hori islatu nahi izan dugu", azaldu du. "Herri kirolen inflexio puntu izatea du xede eta helburu saioak", gaineratu du.

Probalekuak hartutako itxura eta Abadiñoko Udalarekin egindako elkarlanaren garrantzia azpimarratu ditu eta, emakumeek saioan duten presentzia ere nabarmendu. "28 kirolari eta horietako 12 emakumeak. Benetan berri ona", esan du.

Harriak eta txapelketaren dinamika

Harri jasotzaile bakoitzak harri bakarrarekin lan egingo du eta denbora jakin bat izango du horretarako. Gizonak lau harrirekin arituko dira eta emakumeak, berriz, hirurekin.

Gizonezkoen harriak honako hauek dira: 200 kiloko koadroa, 137,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko kopa eta 100 kiloko bola. Emakumezkoen hiru harriak berriz, hauek: 88 kiloko koadroa, 63 kiloko zilindro zaharra eta 50 kiloko bola.

Txandaka lehiatuko dira harri bakoitzarekin. Gizonezkoek 10 minutu izango dituzte lau harriekin lanean aritzeko; emakumezkoek, berriz, 6 minutu hiru harrientzat. Jasoaldi bakoitza denborarekin sarituko da; hartara, talde bakoitzak denbora altxorra lortuko du.

Zertarako denbora-altxor hori? Finalaurreko bakoitzean final moduko bat jokatuko dutelako harri berezi batekin: txapelketa honetarako espreski aurkitutako harri baldar zail bat. Harri hori aurretik ikusi gabea izango dute, eta talde bakoitzak harri baldar baten izena izango du: Albizuri, Igeldo, Etxauri, Laukariz, Mollarri, Ibiur, Ergobia eta Ulia.

Talde bakoitzak aurretik irabazi duen denbora-altxorra izango du harri baldarra jasotzen saiatzeko. Harria jasotzen duenak edo gehien jasotzen duenak irabaziko du finalaurrekoa. Inork jasoko ez balu, aurreko lau harriekin denbora gehiago batu duen taldea sailkatuko da finalerako.

Talde bakoitzeko kideek erabakiko dute zein harri jasotzailek helduko dion baldarrari. Saiatu eta jaso ezin duela ikusten badu (erlojua geratu gabe) bere taldeko beste kide bati emango dio txanda (bakarrari).

Arautegiaren arabera, harria ikusi eta ukitu dezakete aurretik, baina jaso ez. Harri jasotzaileak eta harri jartzaileak eskuak garbituta plazaratuko dira, eta itsaski eta gomarik ez dute izango soinean. Igeldoko Harrian bakarren batzuk erabili zituzten galtzak ontzat emango dira.