Inauterietarako egitaraua aurkeztu du Ermuak
Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken edizioak murrizketekin ospatu edota bertan behera utzi behar izan ondoren, Ermuko Udalak Inauteriak berreskuratu egingo ditu aurten. Hala, Udalak egun berezi horietarako egitaraua aurkeztu egin du. Besteak beste, Eguen Zuri eguna eta herriko ikastetxeek antolatzen duten Oilarraren jokoa berreskuratu egingo da.
Ermuko udal Kultura Sailak, jada, prest eta lotua du inauteriko egitaraua, zeina etxeko postontzian jaso duten ermuarrek.
Anabel Mayor Marrero kanariarraren 'Ermuko hartza eta oilarra' izeneko kartela izango da aurtengo programaren azala. Jarduerak, otsailaren 16an hasiko dira, Eguen zuri egunean. Bost eta erdietan hasiko da Orbe Kardinala plazan, Xaibor DJaren disko-festa alaia gaztetxoentzat.
Ostiralean, Hartza Eguna ospatuko dugu, eta sei eta erdietan kalejira abiatuko da Santixau iturritik.
Larunbata, otsailaren 18a, izango da Inauteri jaietako egunik handiena eta koloretsuena. 12:30ean hasiko da egitaraua, kuadrillen arteko kalejira-lehiaketaren lehenengo edizioarekin. Irulitxa txarangak ere parte hartuko du eguerdiko kalejiran, eta kuadrilla irabazlea 20:00etan jakinaraziko da. Ordura arte, baina, haurrak izango dira protagonista. 17:30ean txokolate jana izango dute, 18:00etan erromeria Zirika Zirkus taldearekin eta 19:30ean mozorro lehiaketa. Iluntzeko 8etan eta gaueko 11etan, DJen festa izango dugu, Maximums eta Los40 irratsaiokoarekin, hurrenez hurren.
Azken jaieguna otsailaren 21a, asteartea, izango da, eta haurrentzako diskotekarekin hasiko dira jarduerak 16:00etan. Xirriquituela taldearen 'Jirafas' kale ikuskizuna izango dugu 18:00etan, eta Ekhy taldeak erromeria hasiko du 19:00etatik aurrera. Jaiei amaiera emateko, Oihan Vega DJ ezagunak disko-festa eskainiko du gaueko 11etan.
Ekitaldi guztiak Orbe Kardinala plazan izango dira.