10etik 8. Hori izan da erabiltzaileek Bizkaibusek 2022an zehar eskainitako zerbitzuari jarri dioten nota. Horrez gain, Bizkaibuseko eskaria % 20,95 hazi da 2022an 2021. urtearekin alderatuta. 2021ean 22.047.895 bidaia egitetik behin-behineko datuen arabera 2022an 26.675.405 bidaia egitera igaro da, hau da, 4.620.252 bidaia gehiago.

Datu hauek kontuan hartuta Bizkaibus Zerbitzuak pandemiaren aurretik lortutako gehieneko eskariaren % 91 lortu du.

Gehien hazten diren lineak aireporturako eta Zamudioko teknologia-parkerako irisbide zuzena ematen dutenak dira eta, halaber, adierazgarria da Leioako UPV-EHUren campusera doazen lineek izandako igoera.

Zehatzago esanda, A3247 Bilbo - Aireportua lineak bikoiztu egin ditu 2021eko zifrak, eskaera % 120 handituz. Linea hori 2021ean 409.145 bidaia egitetik 2022an 902.030 egitera igaro zen, hau da, 2019an lortutako datutik gertu, orduan guztira 1.069.090 bidaia egin baitzituen. Horrela ekitaldiaren bigarren zatian berriro ere Bizkaibus zerbitzuan bidaiarik gehien izan dituen linea izan da.

Ranking honetan A3136 Bilbo - Barakaldo - Santurtzi linea, 2022an 991.558 bidaia izan zituena, eta A3129 Lutxana - Gurutzeta - Santurtzi linea, guztira 967.153 bidaiarekin, ere nabarmentzen dira.

Beste alde batetik, UPV/EHUko campuserako irisbidea ematen duten 23 lineek 2021ean baino % 22,24 eskari handiagoa izan zuten, Zerbitzuaren batezbesteko hazkundearen gainetik, eta 2.367.910 bidaia erregistratu zituzten; horien artean A2318 Termibus - UPV/EHU (Autobidez) izan zen guztietan eskatuena, 2022an 442.871 bidaia egin baitzituen guztira.

Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez, oro har, lortutako datuek bermatzen dute herritarren mugikortasun-beharrizan zehatzei aurre egiteko egindako lana eta ahalegina, pandemiaren ondorioz izandako egoera zaila gorabehera.

Bidaia askotako tarifen deskontuak

Zerbitzuak 2022an izan dituen gogobetetze-indizeei dagokienez daturik adierazgarrienetako bat da erabiltzaileen pertzepzio globalean oso argi azaltzen dela bidaia askotako tituluen prezioan aplikatu diren % 50eko beherapenek izan duten eragina.

Bizkaibuseko erabiltzaileek Bizkaibusen euren ohiko linearekin duten gogobetetze-maila 8ra arte igo da, hau da, 7,6 puntutik 8 puntura (0tik 10era bitarteko eskala batean, non 0 "Ez nago batere asebeteta" eta 10 "Erabat asebeteta nago" den.

Beste alde batetik, Bizkaibusen erabiltzaileek Hautemandako Kalitatearen Indize Globala 7,93ko notaraino igo da, 2021ean 7,72koa izan zenean. Kontuan hartu behar da inkesta urria eta azaroa bitartean egin zela, garraio publikoaren deskontuak martxan jarri eta gutxira. Bizkaibusek azken urteetan lortutako gogobetetze-daturik handiena da.

Erabiltzaileen % 85ek badaki Barik sistema bidezko bidaiek % 50eko deskontua dutela.

Gainera, inkestatutako pertsonen % 21ek adierazi du bidaia askotako tarifetan aplikatutako beherapenen ondorioz bidaia gehiago egiten dituztela Bizkaibusen eta % 21 horren barruan % 77k aitortzen du bere ibilgailu pribatuaren erabileraren kaltetan egin duela.

Nabarmentzekoa da, halaber, Zerbitzuarekin oro har asebeteta daudenen gorakada. Zerbitzuarekin "asebeteta" dauden erabiltzaileen ehunekoa % 83tik % 89ra igo da.

Azkenik, eskariaren araberako geldiguneei emandako balorazioa azpimarratu behar da. Zerbitzu hau ezagutzen dutenen kopuruak gora egin du eta inkesta erantzun duten pertsonen % 59k ezagutzen ditu, Bizkaibuseko erabiltzaileen erdiak baino gehiagok, eta horietatik % 95ek positibotzat jotzen ditu. Geldigune horiek ezagutzen dituzten emakumeak gehiago dira, % 64, gizonak baino, % 51. Zerbitzu honek 9,0 nota lortzen du.