Abanto-Zierbenako Udalak 128.260 euroko aurrekontua bideratu egingo du Sanfuentesko jubilatuen etxea eraberritzeko. Lanak dagoeneko hasi dira, eta espero da hiru hilabeteko eragite-epea izatea; hau da, Aste Santua eta gero amaitzea.
“Obra oso garrantzitsua da eta irrikitan geunden, bereziki Sanfuentesko jubilatuen etxeko 180 kideentzako, baina baita Sanfuentesko herritarrentzako ere; izan ere, auzoko bizitza sozialaren erdigunean kokatuta dago” azpimarratu du Maite Etxebarriak.
“Gainera, obra bukatzen dugunean, Udalaren asmoa taberna-zerbitzua lizitatzea da, Sanfuentesko zerbitzu interesgarri hori berreskuratzeko eta ostalaritza-zerbitzu berri bat eskaintzeko”.
Obran bi jarduketa egingo dira; alde batetik, Santa Bárbara taldeko etxebizitza-eraikinaren beheko solairuko lokal osoa (jubilatuen etxea eta taberna) egokituko da eta isolamendu akustikoa egingo da, eta, bestetik, bi lokalak eraberrituko dira, Euskadiko irisgarritasunari buruzko dekretuan ezarritako irisgarritasun unibertsalaren baldintzak betetzeko.
“Proposatutako egokitzapen akustikorako obrari esker, sabai aizunaren mailan bigarren kutxa akustiko bat jarriko da, eta dagoen zoladuraren gainean zolata lehorra jarriko da; halaber, zarata edo inpaktua murrizteko egungo trenkadak kendu eta pladurrezko trenkadak jarriko dira” azaldu du Obra eta Zerbitzuen zinegotzi Iratxe Etxeandiak.
“Irisgarritasuna hobetzeko obrak legegintzaldian zehar oinarrizkoak izan dira Udalak egin dituen lan guztietan, eta hala izango da obra honetan ere” azpimarratu du Maite Etxebarriak.
“Sanfuentesko jubilatuen etxeko irisgarritasun unibertsala hainbat jarduketaren bidez bermatuko da: sarreran arrapala jarriko da, eta, aldi berean, sarrerako ate eta itxitura berriak jarriko dira, barrualdearen eta kalearen arteko aldea saihesteko, eta, hortaz, ibilbidea irisgarri bihurtzeko. Halaber, sarrerako atea aldatu eta kanporantz irekiko den atea jarriko da, eta, aldi berean komunak eraberritu eta komun egokitu bat jarriko da.
Tabernako sukaldea eraberrituko dugu, barrualdea margotu, taberna eta sukalde eremuak azulejuz estaliko ditugu, barra eraitsi eta pladurrezko berri bat jarriko dugu, eta fatxada margotuko dugu” azaldu du Iratxe Etxeandiak.
Obrak iraun bitartean, Udalak jubilatuen elkartea Sanfuentesko udal-lokal desberdinetan kokatu du, jarduerarekin aurrera jarrai dezaten. Izan ere, alderdi hori oso garrantzitsua da Alazne Zenenkorta buru duen Gizarte Ekintza zinegotzigorako.
Gaur egun, Abanto Zierbenako Udalak udalerrian bost obra ditu esku artean: Las Carrerasko oinezkoen pasagunea eraberritzea, Federico Balbuena zelaiaren sarrera hobetzea eta moduluak jartzea eta Nafarroa kaleko eta San Miguel de Kotarro taldeko bide berdea hobetzea eta sartzeko atea jartzea, aldez aurretik dagoen horma eusteko.