2022. urtea azken hamarkadan egindako esku-hartze gehien izan dituen urtea izan da. Horrela adierazten du Suhiltzaileen urteko balantzea, non agertzen den 6.429 irteera egin zuten, batezbeste 18 abisurekin egunean. Zifra horrek % 13ko hazkundea adierazten du aurreko urtearen aldean, urte horretan Zerbitzuak 5.692 irteera egin baitzituen.

Jarduketa motaren arabera iaz irteerak modu proportzionalean banatu ziren: 2.035 sute (% 32), 2.185 salbamendu (% 34) eta 2.209 laguntza tekniko -besteak beste galtzadak garbitzea, prebentzio-operatiboak edo likido eta gasen ihesak- (% 34).

Aurreko urtearekin alderatuta Zerbitzua osatzen duten zortzi parkeen multzoak gora egin du irteeren kopuruari dagokionez. Lehen erantzuna emateko erantzukizuna duen Ortuellako Urioste izan da irteera gehien izan dituena (2.007 irteera, erregistratutako irteera guztien % 31 eta lehen aldiz 2.000 irteerako muga gaindituz); ondoren Leioako Artatza (1.217 irteera) eta Basauri (996 irteera) daude. Horien atzetik, ordena honetan, Iurreta, Derio, Arratzu, Zalla eta Markina-Xemein daude.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Elixabete Etxanobe, Uriosteko parke horretara hurbildu da, hain zuzen ere, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Foru Zerbitzua osatzen duten profesional guztien lana aitortzeko: Aldundia bereziki harro dago zerbitzu honetaz, aitortu du. Ez bakarrik herritarrengandik gertuen dagoenetako bat delako eta muturreko egoerak izaten diren larrialdietan prestakuntza eta profesionaltasun handiarekin lan egiten duelako. Harro gaude, aldi berean, Foru Aldundiak emandako zerbitzuen artean bizkaitarrek hobekien baloratzen dituztenetako bat delako. Eta horrek egunetik egunera hobetzen jarraitzeko gogoa ematen digu. Erreferentea den zerbitzua, baina gero eta hobea dena.

2022an Bizkaiko udalerri guztietan erregistratu zen esku-hartzeren bat. Esku-hartze gehien Barakaldon egin ziren (644), ondoren Getxon (476), Portugaleten (353), Santurtzin (281) eta Basaurin (220 irteera), horiek baitira suhiltzaileen udal-zerbitzu propioa duen Bilbo alde batera utzita Bizkaiko Lurralde Historikoan biztanle gehien dituzten bost udalerriak. Esku-hartze gehien egin diren beste hamar udalerriak Galdakao, Erandio, Leioa, Sestao, Durango, Trapagaran, Amorebieta-Etxano, Mungia, Gernika-Lumo eta Bermeo izan dira. 15 udalerri horietatik 14tan 100 irteera baino gehiago izan dira.

Biztanleriaren araberako esku-hartzeei dagokienez, biztanleria artatuaren kasuan batez bestekoa 7,94 irteerakoa izan zen 1.000 biztanleko.

Udako hilabeteak eta udazkenaren hasierakoak (ekaina-urria) dira irteera gehien erregistratu ziren aldia. Beste alde batetik urteko egunen % 58,36tan (213 egun), Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen parkeek 11 eta 20 zerbitzu bitartean egin zituzten egunero. Beste 91 egunetan (urteko egunen % 24,93) eguneko 21-30 irteera egin ziren.