Síguenos en redes sociales:

Umeak euskarazko ereduetan matrikulatzera animatzeko kanpaina abiarazi du Getxok

Otsailaren 13tik 24ra bitartean, 2023/2024 ikasturtean izena emateko epea egongo da zabalik. Hori dela eta, Getxoko Udalak 'Euskara, gure etorkizuna' izeneko kanpaina jarri du martxan, familiak haien umeak euskarazko ereduetan matrikulatzeko animatzeko helburuarekin.

Horregatik, alkateak seme-alabak lehenengo aldiz matrikulatu behar dituzten familiei bidalitako eskutitz batean gogoratuko die “etorkizuna anitza eta inklusiboa izan behar dela uste dugu eta euskara erdigunean daukan etorkizun eleanitza nahi dugu”.  

Horrekin batera, 12 urtera arteko haurrak dituzten 5.000 bat familiak jasoko duten eskutitz horretan zalantzak argitzen laguntzeko antolatutako bi hitzaldiren berri emango die Udalak. Lehena, Kulturartekotasuna, euskara eta bizikidetza izenekoa izango da, Amelia Barquín López, kulturartekotasunean aditu eta unibertsitateko irakaslearen eskutik, urtarrilaren 19an, ostegunean, 17:30ean, Romo ikastetxean. Horretan beste kultura batzuetan jatorria duten umeak euskarazko ereduetan matrikulatzearen onuren inguruan mintzatuko dira. Bigarrena, Gorka Aurre Urtzak, Neurotrainer eta Garapen Intelektualean adituak eskainiko du, Irakurle ona=ikasle ona izenburupean, irakurketak duen garrantziaren inguruan. Hitzordua otsailaren 1ean, 17:30ean, izango da Zabala ikastetxean, eta bereziki interesgarria izango da Lehen Hezkuntzan ari diren umeen eta nerabeen gurasoentzat eta tutoreentzat. 

Bi hitzaldiak Udalak Egizu elkartearen Sendi egitasmoarekin elkarlanean antolatutakoak dira, euskaraz, baina Telegram aplikazioaren bidez aldibereko interpretazioa izango da gaztelerara. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da. Hitzaldirako eta haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko izena emateko www.getxo.eus/euskara helbidera jo behar da baita Udalak familientzat eskuragarri jarritako interesgarriak izan litezkeen baliabideak eskuratzeko ere. 

Aipatu behar da, ikaste eredu euskaldunek goranzko eboluzioa erakusten dutela, eta horren adibidea dela Lehen Hezkuntzako matrikulazioaren kopurua, D ereduan 2016-2017ko ikasturtean % 52 eta 2022-2023ko egungo ikasturtean % 58koa izan delako.