Urtero bezala, koronabirusaren pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko murrizketak ekidin ez dutenean, udalerrian zehar dauden ikasketa-gelen ordutegiak zabalduko du Durangok azterketa garaian.

Azterketa garaia hurbiltzen ari dela eta, Durangoko Udalak ikasteko gune ezberdinak prestatu ditu urtarrilaren 21era bitartean Landako I kiroldegiko sotoetan eta Intxaurrondoko instalazioetan datozen asteetarako. Ekimen honen helburua azterketak prestatu behar dituzten ikasleei gune ezberdinak eskaintzea da, ikasteko ordutegiak (goizez zein arratsaldez) eta espazioak handituz.

Alde batetik, Laubideta kaleko 6. zenbakian kokatuta dagoen Intxaurrondo gunean astelehenetik ostiralera bitartean ikasteko aukera egongo da goizez, 9:30etik 15:00etara bitartean. Landako I kiroldegiko sotoak, berriz, arratsaldean zabalduko dira, 16:00etatik 21:00etara, astelehenetik larunbatera bitartean.

Horrez gain, Bizenta Mogel Bibliotekak ere bere egutegi eta ordutegia luzatuko du:

  • Astelehenetik ostiralera, goizeko 9.00etatik gaueko 21.00etara.
  • Larunbatetan, goizeko 10.00etatik arratsaldeko 20.00etara.
  • Igandeetan, goizeko 10.00etatik eguerdiko 14.00etara eta arratsaldeko 16.00etatik iluntzeko 20.00etara bitartean.

“Azterketa garaian ikasleek gune lasaiak behar dituzte ikasteko, eta badakigu ere ordutegiak malguagoak izan ohi dituztela. Horregatik, Durangoko Udaletik premiazkoa ikusten dugu ikasle hauei gune atsegin eta erosoak eskaintzea beren ikasketak aurrera eramateko”, adierazi dute Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziek.