Datorren ostiralean, urtarrilak 13, egun berezia biziko du Durangoko San Agustin Kulturguneak. Egun horretan bertan, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, gala bat ospatuko da, elkarteak aurten beteko dituen 25 urteak ospatzeko antolatuko diren ekitaldiak ezagutzera emateko.

Ohiko programazioaz gain, hamaika ikuskizun berezi antolatuko dira datozen hilabeteetan, Euskal Herriko zein Estatu mailako aktore esanguratsuak San Agustinera ekarriz.

“San Agustin Kulturgunea Durangaldeko zein Euskal Herriko kultur erreferente bilakatu da bere ibilbidean zehar. Kultur sortzaile zein kulturzaleen aterpe izan da, durangarroi kultura hurbilduz. 25 urte beteta, San Agustinek etorkizun oparoa izango du aurrerantzean ere”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

25 urte hauetan 1.000 ikuskizun profesional eta 175.000 ikusle baino gehiago jaso ditu San Agustin Kulturguneak, eta, besteak beste, José Sacristán, Asier Etxeandia, Blanca Portillo, Alberto San Juan, José Luis López Vázquez, Paco León, Natalie Poza, Hector Alterio, Petra Martínez, Roberto Álamo eta, nola ez, euskal antzerkigintzako zein dantzagintzako erreferente nagusienak igaro dira Durangoko taula gainetik.

Zentzu horretan, Garrastatxuk eta Riosek San Agustin Kulturguneak harrobi eszenikorako eta Durangoko konpainia artistiko edo elkarteentzako espazio gisa duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Durangoko kultur epizentroa bihurtu da San Agustin, eta dozenaka elkarte, konpainia eta kolektibo dira horretaz gozatzen dutenak. Sektorean ezaguna da San Agustin, konpainientzat gune irekia eta irisgarria delako. Kulturan inbertitzeak kultur sarea elikatzea dakar, eta horri esker agertu dira Durangon ditugun artista handiak”.