Derioko Udalak 10.998.144 euroko aurrekontua izango du 2023an, aurtengoa baino % 8 handiagoa. Udalak abenduaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran onartu egin zuen aurrekontua.

Tokiko gobernuak 2023an ere derioztarrentzako zerbitzu publikoak, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko helburuei eutsiko die. 2023ko aurrekontuek EAJ-PNVren aldeko botoak (7), PSE-EEren abstentzioak (3) eta EH Bilduren kontrako botoak (3) jaso zituzten.

Esther Apraiz alkateak nabarmendu duenez, “aurten ere, kontu publikoetan, gure familiak dira lehentasuna, egunerokotasuna hobetu eta erraztuko dieten laguntzei eutsiz, eta era berean, inbertsioak bultzatuz, udalerrian bizi-kalitaterik onenarekin bizitzen jarrai dezaten. Aurrekontu koherentea eta orekatua da,Deriok azken urteetan izaten ari den hazkundeari eta zerbitzu publikoen hobekuntzari jarraipena ematea da helburua, tokiko jarduera ekonomikoa dinamizatzen jarraitzeaz gain”. Halaber, alkateak aurrekontu partehartzaileen prozesuak aurten ere izan duen arrakasta azpimarratu du. Urte honetan, partaidetza-marka guztiak hautsi dira, 429 boto-emailerekin, hau da, aurreko urteanbaino % 335 gehiago. Era berean, gogoratu behar da parte-hartzaileen % 19,8 adingabeak izan zirela (7 eta 16 urte bitartekoak), eta ia bikoiztu egin zela 2022ko kontuetan izandako partaidetza, % 10ekoa izan baitzen.

877.000 euro inbertsioetarako eta 117.000 euro herritarren proiektuak gauzatzeko

Urtero bezala, udal gobernuak gogorarazi du aurrekontuak negoziatzeko prozesua irekita egon dela, une oro, oposizioko alderdi politiko guztientzat. Horrela, aldez aurretik egindako negoziazio-batzordeetan, EH Bilduk 6 zuzenketa aurkeztu ditu eta PSE-EEk 8, horietatik 9 (PSE-EEren 7 eta EH Bilduren 2) onartu ditu Gobernu taldeak eta beraz, aurrekontuetan sartu ditu. Talde sozialistari onartutako zuzenketei dagokienez, Herriko Plazako Kioskoko sabaia estaltzea (50.000 euro), Nekazaritza pasealekuan banku berriak jartzea (5.000 euro) edo Errekalden komun autogarbigarri bat jartzea (50.000 euro) daude. EH Bilduri onartutako bi zuzenketen helburua da hutsik dauden lonjak erabiltzeko ekimenak bultzatzeko 20.000 euro bideratzea, eta dagoeneko 20.000 euroko partida duen gazteentzako etxebizitzak alokatzeko laguntza ildoa 20.000 euro handitzea (guztira 40.000 euro).

Inbertsioei dagokienez, partida 877.000 eurokoa da. Jarduera garrantzitsuenen artean, honako proiektu hauek nabarmentzen dira:

  • Kirol-instalazioak hobetzea (kiroldegikoak, futbol zelaian, Gazianen, etab.): 100.000 euro
  • HAPO: 110.000 euro
  • Eraginkortasun energetikoko neurriak (kiroldegiari energia emango dioten estalitako kirol-pistetan eguzki-plakak jartzea nabarmentzen da, PSE-EEren zuzenketa): 150.000 euro
  • Txorierri Etorbidean baranda berriak jartzea: 80.000 euro (PSE-EEren zuzenketa)
  • Umeentzako parkeetan konponketak: 30.000 euro
  • Errepideen zoladura: 36.000 euro

Horiei guztiei, eta derioztarrek ezarritako lehentasunei jarraituz, aurrekontuen partaidetzaprozesuan hautatutako beste bi proiektu gehitu beharko litzaizkieke, eta 117.000 eurobideratuko dira horietarako:

  • Pumptrack gune bat eraikitzea kirolari mota guztientzat: 100.000 euro
  • Zuhaitz autoktono gehiago landatzea: 17.000 euro

Amaitzeko, 2022ko aurrekontuan agertzen diren inbertsioei dagokienez, horietako batzuk errealitate bihurtu dira; hala ere, beste batzuk egikaritzen ari dira edo 2023an zehar gauzatuko dira, hala nola:

  • Aizkorriko berrurbanizazioa
  • Larrabarri baserriaren handitzea
  • Uribe parkean parke naturalizatu bat jartzea
  • Kirol anitzeko kantxen instalazioa Ganben