Orozkoko Udalak 5.855.830 euroko aurrekontua onartu egin du pasaden ostegunean, abenduak 22, Udalbatzak ospatutako ezohiko bilkuran. Hala, % 9an handituko du 2022ko aurrekontua, 487.391 euro gehituz.

Diru-sarreren %38,5 Udalkutxaren funtsei dagozkie (2.259.371 euro jasoko ditu Udalak 2023an; 2022an, aldiz, 2.224.664 euro); % 38,2 udal-zerga eta -tasei eta, azkenik, %23,2 beste diru-sarrera batzuei, hala nola egoitzaren transferentzia arruntei eta baso-aprobetxamenduen ondare-sarrerei.

Aipatzekoa da Udalak zorrik gabe amaitu duela 2022ko ekitaldia; aurreko ekitaldian 1.237.529 eurokoa zen zenbateko hori. 2022ra arte, 1.000 eta 10.000 biztanle bitarteko herrien artean Orozko izan da Euskadiko udalerririk zorpetuena, hain zuzen. Pedro Mari Intxaurraga alkatearen hitzetan, “zorrik gabeko kontu iraunkor, zuhur eta, aldi berean, indartsu eta egonkorrekin lan egiteko gobernu taldeak duen tresnarik nabarmenetako bat” izango da.

2023ko udal aurrekontua horrela banatuko da:

  • Oinarrizko zerbitzu publikoak: %32, 1.873.865,6 euro, iaz baino 584.788,6 euro gehiago.
  • Gizarte-babeserako eta -sustapenerako jarduerak: %27, 1.581.074,1 euro, hau da, 2022an baino 6.0482,1 gehiago.
  • Lehentasunezko ondasun publikoen ekoizpena: %22,6, 1.323.417,58 euro, hots, 133.312,5 euro gehiago.
  • Jarduera ekonomikoak: %5,2, 304.503,16 euro, hau da. iaz baino 91.546,84 euro gutxiago.
  • Jarduera orokorrak: %13, 761.257,9 euro, hots, 4.157,9 euro gehiago.

Ekonomikoki bigarren partida garrantzitsuena langile-gastuena da. Sei langileentzako enplegua sortzea aurreikusi dute: eskualdeko enplegu-planaren barruan kontratatutako lau langile, 6 hilabetez eta lanaldi erdian; 2023ko ekitaldirako Administrazio Orokorreko teknikari bat eta, azkenik, langile bat brigadarako, bi urteko programa-kontratu baten bidez.

Honako proiektu hauek nabarmendu daitezke:

  • Gizarte-ongizatearen arloan, bizikidetza-unitatea egoitzan abian jartzea, Orozkoko LGBT+ pertsonen bizitzei buruzko diagnostikoa eta horretan oinarritutako ekintza-plan integrala abian jartzea.
  • Abeltzaintza-arloan, Life Silfore proiektua, nekazaritzako eta basogintzako sistemen erresilientziarako, eta aurrekontu sinboliko bat Aiaraldeko hiltegi berrirako.
  • Hirigintzaren arloan, edateko uraren azpiegiturak hobetzea.
  • Dirulaguntzen arloan, auzoetako jai guztien eta elkarteen aurrekontua handitzea, %50 eta %35, hurrenez hurren.

Osoko bilkura

Aurrekontua ADIE erakundearen aldeko botoekin onartu da, abenduaren 22an eginiko ezohiko bilkuran, EAJko aurkako botoekin eta EH Bilduko abstentzioarekin. Saio horri dagokion bideoa Orozkoko Udalaren Youtube gunean eta Udalaren web-orrian izango da ikusgai, 'Osoko bilkurak'​ atalean.