Galdakaoko 2023ko egutegiak herritarrak izango ditu protagonista
Urtero bezala, Galdakaoko Udalak etxez etxe banatu egingo ditu 2023ko egutegiak. Aurten, "Herritarrok egiten dugu herria" leloa daraman egutegiak herritarrak izango ditu protagonista. Azalean aurtengo Santakurtzetan ateratako irudi bat izango du.
Barneko orrietan, aisialdiko uneak, kirol probak eta kultur ekitaldiak azaltzen dira, herrian antolatzen diren beste askoren adierazgarri. Horietan guztietan, antolatzaile lanetan ari diren edota parte hartzen duten herritarrekiko eskertza keinua da Euskara Arloak prestatu duen 2023ko egutegia.
Herri honen aniztasuna ere jarri da balioan egutegian; adin, jatorri eta izaera desberdineko pertsonak ageri dira, herritarrek herritarrentzat sortutako ekitaldiez gozatzen. Kontrazalean, Musika Eskolako hezkuntza bereziko gela agertzen da, aniztasunaren edertasuna ekintzez erakusten duten herritar parte hartzaile eta sortzaileak.
Click eta Click Argazkilaritza Elkarteko bazkideen bildumako hainbat argazkirekin eta herriko beste argazkilari batzuek utzitako argazkiekin osatu da egutegia (S. Amillano, P. Camarena, J. Dean, J. Legarretaetxebarria, U. Morán, K. Oyarzabal, J.I. Sagastigordia, A. Zamalloa). Argazki eder hauen egileei zorionak eta eskerrak!
Egutegia etxez etxe banatzen ari dira eta postontzian edo atarietan izaten diren edukiontzi kolektiboetan utziko dira, etxe bakoitzeko bat. Horrez gain, abenduaren 29an Euskara Arloan (Torrezabal Kultur Etxea, 2. Pisua) soberan egongo diren aleak banatuko dira, pertsonako bat.
Egutegia euskara hutsez da ia osotasunean baina bere esanahia azaltzen duen testua euskaraz eta gaztelaniaz dago. Etxe guztietara bidaliz jauzi bat eman nahi izan du Euskara arloak, batetik, eskertza denongana iris dadin, eta bestetik, etxe guztietan euskarari toki bat egingo zaionaren nahiarekin.