Uhagon kulturguneak, Markina-Xemeingo udalarekin elkarlanean kontzertu bi antolatu ditu Gabonetako kontzertuak izenburupean. Hauek, zehazki, biharkoan –abenduaren 23an– eta astebete beranduago, abenduaren 30ean ospatuko dira. Azaldutakoaren arabera, musika emanaldi ziklo honek helburu bi izango ditu: “Batetik, Euskal musikarien lanak plazaratzea eta beraien kalitatea azpimarratzea eta bestetik, herriko ondarea balioan jartzea”. Lehen kontzertuan Mikel Azpiroz pianojolearen azken lana aurkezteko baliagarria izango da, eta bigarrenean Lapurditik etorritako Habia hari hirukotea izango da protagonista.

Arretxinagako ermita berezia hautatu izana ez da inolako koin-tzidentzia izan. “Ermita hau oso ezaguna eta berezia da, besteak beste, barruan dituen haitz izugarriengatik”, nabarmendu dutenez. Bada, bihar eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera Mikel Pianojolearen Isla izenburupeko lana ezagutzeko aukera plazaratuko dute. “Euskal Herrian, estatuan zein Europan (Polonian, zehazki Varsovian eta Cracovian) emandako kontzertuetan harrera bikaina izan du proiektuak. Maila handiko lana da eta ermita honetan zuzenean ikusi eta entzutea, esperientzia guztiz gozagarria izango da”.

Bestetik, Iparraldeko hiru neskak –Elena Hairak, Maia Iribarnek eta Amaia Hiriartek– osatzen dute Habia izeneko taldea. 2021ean kaleratu zuten lehendabiziko diskoa, Animalia naiz izenekoa, eta beraien esanetan “entzuteko, ikusteko eta sentitzeko musika” eskainiko dute, “tradiziotik zein sormenetik edaten duen errepertorio batekin”.