Herrian bakardade egoeran dauden adinekoen Gabonak alaiagoak egite aldera, Durangoko Udalak ekimen polit bat jarri du martxan, non ikastetxeetako ikasleek ehunka gutun idatzi dituzte, haiek irakurtzeko.

‘Zaretelako Gara’ izeneko ekimena bakarrik edo bikotekidearekin bizi diren udalerriko 80 urtetik gorako pertsonei eta egoitzetan dauden pertsonei zuzenduta dago. Horretarako, Durangoko ikastetxeetako ikasleek 715 zorion txartel egin dituzte, eta dagoeneko banatzen ari dira aipatutako persona nagusi horien etxeetara.

“Elkartasuna gure nortasunaren ezaugarrietako bat da, eta horrela erakutsi genuen pandemian ere, Elkartasun sarearen sorrerarekin. Orain beste ekimen bat jarri dugu martxan, belaunaldien arteko harremanak sustatu eta bakarrik sentitu ahal diren adinekoek gure gazteen zorionak jaso ahal dezaten. Dei batek edota gutun batek emozio positibo bat eragiten dute, poztasun eta ilusio sentimendu bat, eta norbait gutaz oroitzen den pertzepzioa”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Ildo horretan, jarduerak adinekoen ongizate uneak sortu nahi ditu, udalerriko ikasle batek egindako Gabonetako postal bat jasoz, haurrek adineko pertsonekin harremanak izatearen garrantziaz hausnartuz, zahartze prozesua ulertuz eta komunitateak adinekoei laguntzeko duen erantzunkidetasunaz sentsibilizatuz.

Ekimen hau 2020an hasi zen eta udalerriko ikastetxe guztien lankidetza aktiboari esker mantendu da: Landako eskola, Zabalarra, Kurutziaga Ikastola, Nevers, San Jose Jesuitak, San Antonio eta Fray Juan de Zumarraga Institutua. Ikasleek 715 lan egin dituzte (2020an baino 219 gehiago), eta adineko beste hainbeste pertsonari bidali zaizkie.