Euskararen Etxeak ekimen berezi bat eramango du Amorebieta-Etxanora urtarrilean. Hilaren 12tik aurrera, ikusgai egongo da Zelaieta Zentroan liburuaren izaera azaltzea helburu duen 'Liburuaren arbola' izeneko erakusketa ibiltaria.
Bisitariak erakusketaren bidez ezagutuko ditu hizkien anatomia, testuen formak, liburuaren atal ezberdinak eta hauek nola izendatzen diren euskaraz. Antolatzaileek azaldu moduan, liburua zuhaitz baten modukoa da: “Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena”.
Bisita gidatuak
Erakusketa aditu baten azalpenekin ikusi nahi duten herritarrek bisita gidatu batean hartu dezakete parte, astearte edo ostegunetan. Hala, aukera ezberdinak izango dira. Bisita goizean egin nahi dutenek, ikastetxe, euskaltegi edo elkarteek esaterako, aldez aurretik hartu beharko dute hitzordua ondorengo ordutegi bat aukeratuz: 10:00, 11:00, 12:00 eta 13:00. Aldiz, bisita gidatua arratsaldez egin nahi duten herritarrek 17:00 eta 18:00etan izango dute aukera, eta kasu honetan ez da erreserbarik egin beharko.
Bisitak ordubete ingurukoak izango dira, euskaraz zein gazteleraz. Goizeko bisitaren erreserba egiterako orduan hizkuntza aukeratu ahal izango da; eta arratsaldekoen kasuan, bisitaren arabera hizkuntza aldatu egingo da. Erreserba sistemari dagokionean, Euskararen Etxeak kudeatuko ditu, 944 02 80 81 telefonoan, astelehenetik ostiralera 08:00-20:00 ordutegian, edo posta elektronikoz info@euskararenetxea.eus helbide elektronikoan. Erreserbak gutxienez 48 ordu lehenago egin beharko dira.