Goi mailako bertso saioa jasoko du Galdakaok ostiralean
Ostiral honetan, iluntzeko 20.00etatik aurrera, Galdakaok goi mailako bertsolaritza saioa jasoko du. Ekitaldia Torrezabalen egingo da, eta bertan arituko dira, besteak beste, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Joanes Illarregi.
Arkaitz Estiballes galdakoztarra gai jartzaile dela, mailarik goreneko jaialdia izango da, ohiko bihurtu den Gabon inguruko saioa. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Puntako beste ekitaldi bat ere izango dugu Torrezabalen, datorren astean. Gabonetako programazioaren barruan, gazteei bideratutako kontzertu erakargarria antolatu du Galdakaoko Udalak. Hilaren 29an, ostegunean, Merina Gris eta Ainhoa Larrañaga igoko dira kultur etxeko oholtzara, 20:30etik aurrera.
Merina Gris
“Zerua Orain” diska aurkeztera datoz Galdakaora eta honela deskribatzen dute lana: “Dena orain nahi izatea da. Anbizioa, erretasuna, grina, sua eta dopamina. Etxea teilatutik hastea. Eta erortzen bazara, hartzen duzun kolpea. Konturatzea, zerua zure gainean duzula, orain. Berdin du noiz irakurtzen duzun hau. Beti duzu zerua gainean. Antsietatea, mierdak, beldurra, pasioa, borroka eta bakea. Amodioa, biolentzia, edertasuna. Bizitza. Une puta batez gelditu, eta zerura begiratzea. Orain. Ya”.
Ainhoa Larrañaga
Hernaniko abeslari gaztea Madrilen errotuta dabil azken aldian. “Goazen” telesailean egin zen ezaguna eta 2019an “Eskuminak” bakarlari gisa bere lehen musika proiektua hasi zuen, Iker Laurobarekin elkarlanean ekoitzitako bere egileen abestiekin. 2020an argitaratu zuen bere lehen diskoa, proiektuaren izen berekoa.
Gaur egun, Straperlo Inc. diskoetxeko artista zerrendako kide da, eta musika berria lantzen du Chickjuarez ekoizle mexikarrarekin.
Datozen jaiak modu atseginean eta euskal kulturaren babesean gozatzera animatzen ditu herritarrak Galdakaoko Udalak.