Ezagutzera eman dira ostegun honetan Galdakaoko Pintxo Lanperna lehiaketako saridunak. Hala, On Kafe tabernak epaimahai profesionalaren saria irabazi du, eta Sorgiñek, aldiz, herri epaimahaiarena.

Galdakaoko Ostalaritza Eskolako irakasleek osatu dute epaimahai profesionala eta horiek erabaki dute lehia estu baten ostean zeinek irabazi duen, hainbat irizpideren arabera: zizaren protagonismoa, pintxoaren aurkezpena, eskainitako zerbitzua, pintxoaren zaporea, pintxoa egingarria den ala ez kostuei erreparatuta, zerbitzatu den modua ingurumenarekiko errespetuzkoa izan den, eta azkenik, taberna estetikoki girotuta egon den. 

Irizpide horiek baloratuta, On Kafek jaso du Pintxo Lanperna lehiaketako sari nagusia. Pintxo beganoarekin lortu du, gainera, saria. Epaileek nabarmendu dute, besteak beste, pintxo berezia egiteko sukaldaritza teknika berria erabili dela, proposamen ausarta izan dela eta taberna egoki girotuta egon zela. Horren atzean, Station Wagon bigarren geratu da, lehia estu batean, eta V bat taberna izan da hirugarren. 

Herri epaimahaiaren saria, berriz, Sorgiñek irabazi du, herritarrek hala erabakita.  Lehiaketan zehar betetako txartelak Gu Dendari elkarteko lokalera eramanda eman dute bere botoa.

Bi irabazleak eskertuta agertu dira sariak jasotzerakoan, eta On Kafek jakinarazi du pintxo irabazlea igandean jarriko duela, berriro, eskuragarri. 

Galdakaoko ostalaritzan dagoen “oso maila altua” nabarmendu du Iñigo Hernando alkateak; are hobea perretxikoz osatutako jakiei dagokienean, “herrian errotuta” dagoelako. Aitziber Bonilla, Gu Dendari elkarteko lehendakariak eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten 13 tabernei eta hurrengo edizioan gehiagok parte hartzeko deia egin du.