Datorren astelehenetik, abenduak 12, hilaren 17ra bitartean, Arrigorriagak Umorezko Laburren jaialdiaren edizio berri bat jasoko du. Data bi horien artean, egunean bi pase egingo dira, bata 18.30ean eta bestea 20.00etan. Aurtengoa jaialdi honen 21. edizioa izango da.
Atal ofizialaz gain, beste atal berezi batzuk ere egongo dira: asteazkenean Arrigorriaga eta ondoko herrietako jendeak zuzendu, antzeztu edo egindako (umorezko edo ez) film laburrak eta proiektuak; ostegunean umorea kolonbiar erara; eta ostiralean Whabbit 4 Hec, sortzaileei zuzendutako saioa.
Itxiera ekitaldia larunbatean izango da Paula Púa aurkezle eta komikoaren eskutik.
Lau epaile izango dira jaialdian: Maria Cruickshank aktorea, Pedro Mateo Abycineko programatzailea eta Cristina Sancho TARINGA-ko managing-zuzendaria. Eta guztira 5 sari banatuko dituzte: umorezko labur onenari saria, ikusleen saria, gaztea saria, zuzendari onenari EHZE saria eta antzezpen onenari saria.
iRRIBarri programa
Jaialdiaz gain, elkarteak, Arrigorriagako Udalarekin batera, umeei zuzendutako iRRIBarri zinema programa jarriko dute martxan.
Arrigorriagako Herri Ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleei zuzendutako aukeraketa aproposa egin dute, Abycine jaialdiko Abycinitos programaren lankidetzaz eta Alazne Astorgak dinamizatua. Helburua da zinemarekin elkarreragitea, ikastea eta gozatzea, eta, horretarako, hainbat gai lantzea, etorkizun kritiko bat sortzeko.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak azaldu duenez, “baloratu beharrekoa da kulturaren eta artearen munduan, umoreari kalitatezko espazio emateko Lanbarriko kideek egiten duten lan nekaezina. Guk geuk, Arrigorriagako Udalak, era horretako proiektuak babesten jarraitzeko konpromisoari eusten diogu. Arrigorriaga koloretsuagoa, alaiagoa eta hobea elkarrekin eraikitzen”.
Eta Iratxe Rubio, Kultura zinegotziak zera gehitu du: “Urte hauetan erakutsi digute, umorearen bidez, ondo pasatzeaz gain, kritika eta analisi sakonak ere egin daitezkeela. Arrigorriagarrok, ikasteko eta gozatzeko plan ezin hobea dugu abenduaren 12tik 17ra”.