Koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko, Durangoko Udalak tokiko establezimenduetan erostera bultzatzeko hainbat bonuen kanpaina jarri ditu martxan. Orain, kanpaina horien balantzea egiteko garaia heldu da.

Udalak lau bono kanpaina ezberdin kaleratu ditu aurten herriko negozioetan kontsumitzeko, eta behin horiek erabiltzeko epea bukatuta, udal arduradunek adierazi dute gutxienez 157.085 euroko etekina utzi dutela herrian zehar.

Guztira, 20.126 bono jarri dira salgai, eta horietatik 17.139 saldu dira, eskaintza osoaren %85a. Udal arduradunek aurtengo apustuaren balorazio oso positiboa egin dute datu hauen harira:

“Legegintzaldi honetara arte 19.000 euro bideratzen ziren bonu hauetara, eta azken hiru urteetan eginiko apustuaren ondorioz zifra hori boskoiztu egin dugu, 100.000 euroko partida baten bitartez. Bonu hauekin herriko negozioetan kontsumoa areagotzea lortu dugu, bezeroei eta negozioei lagunduz”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

Durangoko Udalak aurreko asteazkenean onartutako Aurrekontuetan 442.150 euro bideratuko dira Merkataritza arlora, 2019an bideratutako 84.000 euroak baino %426 gehiago. Partida hazkunde hori Udalaren eta komertziarien artean sortutako Komertzio Mahaian adostutako ekimenetara bideratuko dira, eta, besteak beste, Udalak erosketak uzteko kontsignak kokatuko ditu erosketak dibertsifikatzeko asmoarekin. Ekimen horrez gain, herriko komertzioen inbentarioa egitea, laguntza zuzenak handitzea, bono ezberdinetarako partida mantentzea edota bestelako dinamizazio ekintzak egitea da asmoa.