Autismoaren espektroko nahasmena (AEN) duten pertsonei laguntza soziolaboralak eskaintzeko zentro berritzaile bat aktibatu egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta APNABI Autismo Bizkaiak. Zentro balioaniztuna da, eta, batez ere, eguneko arretarako zentro gisa jaio da, nahiz eta gizarteratzeko beste aukera askoren egoitza izan nahi duen, bereziki enplegagarritasunari lotutakoak.

Zentroak urrian hasi zuen bere jarduna, eta astelehenetik ostiralera autismoa duten 24 pertsona helduri ematen die laguntza, zazpi laguneko talde profesional baten bidez. Zentroaren esku hartzeko printzipioak lotuta daude pertsonen bizitza osasungarriarekin eta ongizatearekin, autonomia pertsonala babestearekin, gizarteratzeko ikaskuntzekin eta esperientziekin, parte-hartze komunitarioa bultzatzearekin eta sareko lanarekin. Gainera, kasu honetan, Derioko zentroa laguntza-gune bat izango da erabiltzaileen aktibazio soziolaborala errazteko, profesionaltasun-ziurtagirien, desgaitasuna duten pertsonentzako nazioarteko truke-programa berrien edo era askotako lan-praktiken bidez.

Herriko eta Txorierri inguruko hainbat agente proiektuaren berri jasotzera hurbildu dira gaur goizean, Mikel Pulgarín erakundeko presidentearekin, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuarekin eta Esther Apraiz Derioko alkatearekin batera.

Instalazioak Derioko Udalak Aldekone Goikoa inguruan utzitako lursail batean daude, eta jasangarritasun energetikoarekin, kontzientzia ekologikoarekin eta ingurumen-sentsibilizazioarekin lotutako diseinu arkitektoniko berritzailea dute. 5.000 m2-ko aire zabaleko espazio naturala dute laborantzarako edo aisialdiko jardueretarako, eta 425 m2-ko negutegi-motako eraikin bat, barruko plaza batekin, baratzeak eta hazitegiak, erabilera anitzeko espazioak, egonlekuak, sukaldea eta jantokia, besteak beste. Lehorreko eraikuntza-sistemari esker, beste prozesu tradizionalago batzuk baino ekonomikoagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa izan da.

Eraikinak, gainera, irisgarritasun fisikoko eta kognitiboko irizpideei erantzuten die, eta esparru lagunkoia da autismoa eta berariazko eskakizunak dituzten pertsonentzat. Bertan, lorezaintzaren eta nekazaritzaren bidez ingurumen-sentsibilizazioarekin eta garapen iraunkorrarekin lotutako dinamikak garatuko dira. Era berean, parte hartze komunitarioa eta gizarte-aintzatespena bultzatuko dira, nekazaritza-produktuen merkatuen edo udalerriko agenteekin lankidetzan arituz.

Helduarora igarotzeko arreta espezializatua

Baliabide berri honekin, autismoa duten pertsonei arreta emateko Eguneko Arretarako Foru Sareak 262 plaza ditu, APNABIk kudeatutako 11 zentrotan banatuta. Zerbitzu hau hezkuntza-sistema orokorrean ibilbidea amaitu duten gazteei zuzenduta dago. 2021-2022 ikasturtea amaituta, agerian geratu zen plaza berriak hitzartu behar zirela, eta zentro berrikoek erantzun egin die horiei.

Eguneko zentro horien helburua da haur eta gazteen etaparen eta helduaroaren arteko zubi lana egitea, garapen pertsonalaren bidez, hezkuntza-ingurunean hasitako prozesuei jarraipena emanez. Eskaintzen duten arreta espezializatuaren helburua da erabiltzaileen autonomia pertsonala hobetzea edo mantentzea, eta haien muga funtzionalak konpentsatzea, prestazio prebentibo, gaitzaile eta soziolaboralen bidez.

APNABI Autismo Bizkaia

Autismoa duten pertsonen familien Bizkaiko elkartea da APNABI. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, interes publikokoa, eta AENdun pertsonei arreta espezializatua ematera bideratuta dago. Ia 45 urteko ibilbidearen ondoren, gaur egun 1.500 familia bazkide ditu.

APNABIk arreta integrala eta indibidualizatua eskaintzen du 270 profesionalen talde baten bidez. Horrela, hainbat arlotako laguntza bermatzen du, hala nola detekzioa, diagnostiko eta arreta goiztiarra, hezkuntza, helduentzako arreta, aisialdia eta denbora librea, enplegua edo etxebizitza. Horren guztiaren helburua da autismoa duten pertsonen bizi-kalitatea, garapen pertsonala eta gizarteratzea hobetzea.