Aurreko edizioen arrakasta kontuan izanda eta koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi urteetan bertan behera utzi behar izan ondoren, Merkatu Txiki Solidarioa ospatuko du berriro Barakaldok. Abanduaren 10ean izango da, larunbata, eta Herriko Plazan egongo da kokatuta. Bertan, herriko haurrek euren jostailuak salduko dituzte arrazoi solidario batekin.

Aurten dirua bilduko da Alcer Bizkaia elkartearentzat, giltzurruneko gaixotasun kronikoa dutenei eta haien senideei laguntzeko. Amaia del Campo alkateak astelehen honetan goizean aurkeztu du ekimena, elkarteko ordezkariekin batera.

Barakaldoko mila bat ikaslek bigarren eskuko jostailuak salduko dituzte Alcer elkartearen alde. "Ez dago Bizkaian gauza bera egiten duen udalerririk. Izan ere, Barakaldo borrokalaria eta solidarioa da, eta laguntza ematen die behar izan dezaketenei. Gure Haur Merkatu Txiki Solidarioa bakarra da, berezia. Horregatik, ikastetxe guztietako guraso-elkarteak eta ikasleak buru-belarri aritzen dira jarduera zoragarri honetan", nabarmendu du Del Campo. 

Ikasleen Gurasoen Elkarteek (IGE) bigarren eskuko jostailuak bildu, garbitu eta salmentarako prestatzen dituzte. 550 ikaslek baino gehiagok hartzen du parte ekimen honetan, eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak ematen dituen etxoletan egiten dute salmenta.

Hezkuntza-proiektu solidarioa

Haur Merkatu Txiki Solidarioaren programak bi alderdi ditu: solidarioa, eta hezkuntzakoa; Alcerren eskutik ari da garatzen, eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 1.860 ikasle ingurura iritsiko da. "Barakaldoko hezkuntza-komunitatearekin batera garatzen den ikasleentzako ekimen ilusionagarriena da hau, adierazi du Barakaldoko alkate Amaia del Campok, Begoña eta Nekane Alcer elkarteko bi kideokin batera. "Oso atsegina da jostailuak nola prestatzen dituzten, egun hori zer ilusiorekin itxaroten duten, eta Merkatu Txikiko egun osoan jostailuak erostera hurbiltzen diren bizilagunak nola artatzen dituzten ikustea. "Ekimen honen bidez, txikiek asko ikasten dute bestearen lekuan jartzen eta eurak bezalako haurrek bizi dituzten egoera desberdinekin enpatizatzen".

Diru-bilketa solidarioa

Hau izango da proiektu honen 20. edizioa, ezin izan baita azken bi urteetan merkatu txikia egin. Azken edizioan 18.500 euro baino gehiago bildu ziren Arnasa elkartearentzat. Elkarte horrek fibrosi kistikoa dutenak biltzen ditu. Diru-bilketa horri, urtero, Gabonaldiko sarrera solidarioen salmentaren zenbatekoa gehitzen zaio. "Merkatu Txikiaren aurreko edizioetan, Barakaldoko ikasleek 350.000 euro baino gehiago biltzea lortu zuten; zenbateko hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta uste dut ikasleak erabat harro egon beharko liratekeela", adierazi du Del Campok.