Udalerriko adinekoen bakardadeari aurre egiteko helburu duen programa berri bat jarri du martxan Abanto Zierbenako Udalak, 'Begirada aktiboa' proiektuaren barruan antolatutakoa. Lehenengo topaketak 30 pertsona bildu ditu.

Abanto Zierbena bakardadearen aurkako udalerri proaktiboa da, eta “Begirada Aktiboa” proiektua gauzatzen ari da, udalerriko gizarte-hauskortasuneko, bakardadeko eta gizarteisolamenduko egoerak antzemateko ekintzak abian jarrita.

Egitasmo hori BBK Fundazioak laguntzen du diruz, eta Abanto Zierbena mobilizatzeko helburua du, gizarte-hauskortasuneko egoeran dauden adinekoekiko konpromisoa izateko. Ekimen hori Agenda 2030 egitasmoan jasotako udal-helburuen artean dago.

Agenda 2030 egitasmoak Nazio Batuen Batzar Nagusiak ezarritako garapen jasangarrirako helburuak jasotzen ditu.

Proiektuaren xedea da adinekoen bakardade, gizarte-isolamendu eta beste arrisku-egoera batzuk antzematea eta haien hurbileneko ingurunean identifikatutako pertsonekin harreman-loturak sortzea.

“Adinekoen bizi-kalitatea hobetzea, bereziki, bakardade eta gizarteisolamenduko egoerak prebenitzeko, eta, zeharka, haien ingurunean egotea sustatzea; horixe da gure udalerrian lehenengoz sortu diren topaketa lagunkoi horien helburu nagusia.

Zahartze aktiboko ekintza berriak garatzean datza, HARREMANSARE AKTIBO bat eraiki ahal izateko, udalerrian adinekoekiko espazio lagunkoiak edukitzeko”, azaldu du Maite Etxebarria alkateak.

Agente aktiboen sarea sortu ondoren, topaketa lagunkoiak sortu dira, udalerrian zeuden espazioak baliatuta, eta hauskortasunegoeran dauden adinekoek parte hartu dute nagusiki.

Topaketa lagunkoiek “elkarrekin kafe bat hartzea dute oinarri, konpainia eta elkarrizketarako espazio bat sortzen joateko, konfiantza-loturak sortzeko, gizarteratu ahal izateko inguruneko baliabideak ezagutzeko eta, laburbilduz, bizilagun-harreman egonkorrak ezartzeko”, jakinarazi du Maite Etxebarriak.

Lehenengo topaketak hiru auzo nagusietan jarri dira martxan;zehazki, Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentesko adinekoen elkarteetan bertan, parte-hartzaileen artean harreman-sareak eraikitzeko eta finkatzeko.

Profesional batek dinamizatuko ditu topaketak auzoetako adinekoekin, eta sare egonkorrak sortzea sustatzeko ahalegina egingo da.

Topaketak azaroan hasi dira: “Astelehenean Gallartan, asteazkenean Sanfuentesen eta ostegunean Las Carrerasen”. 2023ko martxora arte egingo dira eta ordu eta erdi iraungo dute, eta taldeak 10 pertsona izango ditu batez beste”, zehaztu du Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenak Hiri Lagunkoien Munduko Sarearekin bat egin zuen 2016an, eta urtebete geroago, 2017an, Euskadi Lagunkoia Sarera atxikitzea onartu zuen. Gainera, Abanto Zierbenako adinekoen talde sustatzaileak garatutako ekintza-plan bat dauka.