Durangoko Udalak 600.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du hainbat udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzeko. Guztira 1.200 plaka inguru instalatuko dira, eta espero da 2030. urterako udal eraikinen energia kontsumoa % 35 murriztu ahal izatea.

“Inbertsio hauen bitartez apustu argia eta erreala egingo dugu sortzen dugun aztarna energetikoa eta klimatikoa murrizteko. Bada garaia gai honi beste martxa bat sartzeko eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Horretarako, Durangon hilabeteak daramatzagu Plan hau lantzen eta orain bertatik jasotako neurriak eta proiektu zehatzak garatzea dagokigu”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

2.942.409 kWh-ko elektrizitate kontsumoa

Bravok eta Varelak aipatu duten aurrelana herriko klima eta energiaren egoeraren diagnostikoa egitea izan da. Diagnostiko horretan zehazten denez, herriko berotegi gasen %62a ibilgailuen trafikoak sortzen du gaur egun. Gainera, 2012az geroztik, emisio orokorrek beheranzko joera orokorra duten arren, modelizatutako agertokiaren arabera, isuriak murrizteko neurririk hartzen ez bada, 2030ean Durangok 122.896 tona CO2 sortuko lituzke, hau da, 2018an baino %41 gehiago, batez ere garraio sektoreko isurketen gorakadagatik.

Diagnostikoaren arabera, Durangoko Udalak 68 jabetza ditu, 62 eraikinetan multzokatuta, eta urtean 2.942.409 kWh elektrizitate eta 4.924.586 kWh gas kontsumitzen dute. Gainera, guztira 3941 argi puntu ditu herritik sakabanatuta, eta horiek 68 koadro elektrikoren bitartez kudeatzen dira. Kasu honetan, 2.324.257 kWh-ko elektrizitate kontsumoa sortzen dute.

Gaur egun, batez ere, lau udal eraikinetan daude instalazio berriztagarriak (Landako I kiroldegia, Landako Eskola, Musika Eskola eta Laubidetako udal-etxebizitzak), eta urtean 14.986 kWh sortzen dituzte. Hala ere, datozen hilabeteetan instalazio fotovoltaikoak ezartzearekin batera, aurreikuspenak biderkatu egingo dira, 397.644 kHw sortzea espero baita, eta horrek, zalantzarik gabe, Durangoko Udalaren helburua lortzen lagunduko du, hau da, energia kontsumoa gutxienez %35 murriztea.

Lehen fasea aurten bertan lizitatuko da, 328.000 euroko balioarekin, Landako Eskolan, Landako II kiroldegian eta Ezkurdiko pilotalekuan 760 plaka fotovoltaiko inguru instalatzeko helburuarekin. Lanak 2023 urtearen hasieran has daitezkeela aurreikusi dute udal arduradunek.

Halere, apusturik handiena datorren urtean egingo da, Landako Guneko teilatuan 416 plaka jarriko baitira 350.000 euroko inbertsioaren bidez. Plaka horien bitartez urtean 243.000 kWh sortzeko aurreikuspena dago, eta horien bitartez bi helburu egikaritu ahalko dira: batetik, Landako Gunea bera autohornitzea, eta, bestetik, inguruan dauden udal eraikin ezberdinak hornitzea.

Era berean, 21 ildo estrategiko garatu dira Durango energetikoki eta klimatikoki jasangarriagoa egiteko. Horien artean daude, besteak beste, Azpiegiturei, Espazio Publikoari, Lehen Sektoreari, Etxebizitzei, Zerbitzuei edota Industriari dagozkienak.

Bravo eta Varelaren arabera, “bide luzea egin behar dugu gure jarduerek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak arintzeko. Energia iraunkorraren aldeko apustua egin behar dugu, gure aztarna ahalik eta txikiena izan dadin, eta Udal honentzat lehentasunezko gai bat da berau. Lan garrantzitsua egin dugu diagnostikoarekin eta Energia Plana idaztearekin, eta orain jasotzen diren ekintzak burutzeko txanda da, guztion artean Durango jasangarriagoa eraikitzeko”.