Beste urte batez, tasak, zergak eta prezio publikoak izoztuko ditu Durangoko Udalak 2023an. Erabaki horren ondorioz, Durangok ez ditu 2023rako zergen indizeak ukituko, eta, besteak beste, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ), Ibilgailuen gaineko Zerga eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) edota Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga. Tasak ere (zaborra, estolderia, zerbitzuak ematea, …) izoztuta geratuko dira, Prezio Publikoak bezala.

“Badakigu familia askoren egoera ekonomikoa zaila izaten jarraitzen duela, eta, beraz, izozte horrek bat egiten du familia horiek babesteko abian jarri ditugun ekimen sozialekin. Ahal dugun guztietan, zerga kargari eutsi nahi diogu eta, ahal dugun neurrian, gure bizilagunen karga ekonomikoak arindu, nahiz eta lehentasuna beti izan herritar guztientzako kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzea. Udalaren egoera ekonomikoak hurrengo urterako zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izoztea ahalbidetzen digu, beraz horrela egingo dugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

“Zergen progresibitatearen alde egiten dugu, hau da, kolektibo ahulek ez dezaten gehien kobratzen dutenen pareko zergak ordaindu behar. Horregatik, Durangoko Udalean familiaren diru sarreren araberako hobarien aplikazioa orokortzen dugu. Pertsonak gure politiken erdigunean jarri nahi ditugu, eta argi dugu hori politika fiskal progresibo batetik datorrela”, gaineratu dute Garrastatxuk eta Riosek.