Igande honetan goizean, 10.30etik 14.30era inguru, Tour Eguna ospatuko da Galdakaon. Bertan hainbat ekintza antolatuko dira, esaterako mekanika tailer bat, gymkana, haur zein nagusientzako bizikleta martxak... Horrez gain, mugikortasun karpa bat instalatuko da, eta Galdakaoko txirrindulari handiei egingo zaie omenaldia.
Izan ere, mundu mailan txirrindularitza lasterketa handietakoa den Frantziako Tourrak Bizkaian izango du abiapuntu datorren urtean. Uztailaren 1ean hasiko den lehiaketaren lehen hiru egunak Euskal Herrian egingo dira osorik, eta, Bilbon hasi eta amaituko den lehen etapan Galdakaotik igaroko da; zehazki, Viverotik.
Txirrindularitzaren jaialdi nagusietakoa bertan izango dugula baliatuta, kirol sufritu horren balioa eta erpinak ezagutzeko aukera izango da aurrez herrian: igandean, azaroak 20, Tour Eguna izango da Galdakaon. Iturrondo izango du kokagune nagusi (euria bada Urreta eskolan), eta bizikleta martxak Ardanza parketik abiatuko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak, Frantziako Tourraren eskutik proposatutako ekimenak Galdakaoko Udalaren babesa jaso du, eta hargatik iritsiko da txirringaren festa gure herrira. Antolaketan, Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gela taldea buru belarri sartu da, Igor Anton buru dela.
Hainbat gune eta ekitaldi izango dira igandeko goiz osoan zehar:
- Pumptruc edo trebezia lantzeko pista (bizikletak eta kaskoak bertan izango dira umeek erabil ditzaten)
- Gymkana (bizikletak eta kaskoak erabilgarri izango dira)
- Mekanika tailerra. Gurpila aldatzeko gai izateko, katea konpontzen ikasteko…
- Mugikortasun karpa. Bertan, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera izango da, esaterako.
- Bide segurtasun karpa. Jolasak eta margo tailerrak izango dira. Marrazkia egiten duten umeek Tourreko maillot hori ofizial baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Ordu biak aldera egingo da zozketa Iturrondon bertan.
- Tourraren Museoa. Maillot ofizialak (horia, zuria, puntotxoena eta berdea) bertatik bertara ikusteko aukera izango da, eta Tourraren historia ezagutzekoa. 2023ko Grand Departaren inguruko informazioa izango da, etapen zehaztasunak barne.
- Denda ofiziala maillot, kapela, kamiseta eta antzekoekin.
- Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren karpa. Bertan, umeei bizikletaren neurri egokiak jartzen lagunduko zaie: biomekanika.
- Euskaltel-Euskadiko karpa. Bertan arrabola birtualak erabilgarri egongo dira umeentzat.
- Euskaltel-Euskadiren autobusa barrutik bisitatzeko aukera
Bi bizikleta martxa
Horrez gain, bi bizikleta martxa egingo dira: txikia eta luzeagoa. Txikienentzako martxa 11:30ean hasiko da Ardanza parkean eta 20 minutu inguruko ibilbidea egingo dute bertaratzen diren haurrek herrian zehar, Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gela taldeko monitoreen laguntzarekin. Jarraian irtengo da nagusien martxa, Ardanza parketik. Martxak seguruak izan daitezen Galdakaoko Udaltzaingoaren babesa izango dute ibilbide osoan, eta une batzuetan bide mozketak izango dira.
Bi martxetako parte hartzea doakoa izango da baina aurrez izena eman behar da, igandean bertan, 10:00etatik aurrera. Parte hartzaile guztiek oparia eramango dute etxera.
Martxak amaitu ondoren sari banaketa egingo da, 13:00etan, Iturrondon, eta omenaldiak ere egingo dira ekitaldi berean: herrian txirrindularitza sustatzeko egindako lana eta ahalegina eskertuko zaie Igor Anton eta Ramon Gonzalez Arrieta galdakoztarrei.