Hirian garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurri berri bat onartu du Gasteizko Udalak. Hala, abenduaren 12tik aurrera, hiri-autobusak erabiltzen dituzten 12 urte baino gutxiagoko umeek ez dute ordaindu behar izango.
Azaroaren 21etik, astelehenetik, aurrera, Udalaren webguneak erabilgarri izango du 12 urtez azpikoentzako doako garraio-txartela eskatu ahal izateko formularioa. Txartel hori 5-11 urteko adin-tarteari emango zaio, 5 urtetik beherakoek dagoeneko erabiltzen baitute doako garraioa. Formularioarekin batera, garraio-txartel hori lortzeko baldintzak eta eskakizunak zein diren jakinaraziko da. Gainera, abenduaren 12tik aurrera erabilgarri egongo den garraio-txartela jasotzeko aukeratutako gizarte-etxea zein den zehaztu ahal izango da.
“Abenduaren 12tik aurrera, 12 urtez azpiko gasteiztarrek doan bidaiatu ahal izango dute TUVISAren hiri-autobusetan eta udalerriko landatar eremuari zerbitzua eskaintzen dion BUXen”, aurreratu du Gorka Urtaranek.
28.000 onuradun
TUVISAk egindako aurreikuspenen arabera, 28.000 bidaiariri egingo dio mesede hiriko autobusa doan izateak. Behin betiko izaera duen neurria da eta horren helburu nagusia da garraio publikoaren erabilera sustatzea, familientzako lagungarria izatea eta hiriko ikastetxeetako sarrera-irteeretan sortzen den zirkulazioa arintzen laguntzea.
Aldi berean, Urtaranen Kabineteak 2023ko Aurrekontuen proiektuan jaso du garraio publikoa doakoa izate horretatik eratorritako diru-sarreren galera dela eta TUVISAren kontuetarako konpentsazioa emateko beharrezko bidalketa.