Azaroaren 25etik abenduaren 11ra bitartean, Barakaldok Folklore Jaialdiaren edizio berri bat jasoko du. Barakaldo Antzokiak jasoko ditu emanaldi nagusiak. Aurtengoa ekimen honen 25. edizioa izango da.

Duela 26 urte jarri zen abian jaialdia, eta behin bakarrik eten da, 2020an, pandemiaren karietara. Aurreko 24 edizioetan partaide ugari izan dira. Horrela, Ibarra-Kaldu talde antolatzailearekin batera, 44 dantza talde aritu dira guztira: hala estatuko autonomia erkidetakoak nola Andorra, Belgika, Frantzia, Italia eta Portugalgoak. Horiez gainera, beste 29 musika taldek eta hainbat bertsolarik hartu du parte. Horrez gainera, 17 talde bizkaitarrek laguntza eman dute, kanpoko emanaldietarako gonbidatutako taldeen anfitrioi zereginetan.  

"Udalerako ohorea da hirian horren aktibo eta konprometitu diren kultur kolektiboekin aritzea. Eta hori diot, ongi baitakigu zein zaila den gaur aurkeztera gatozen gisako jaialdi bat antolatu, programatu eta kudeatzea. Eta, ez dute soilik denboran eustea lortu, urteotan zehar programazioa pixkanaka haztea ere lortu baitute, Barakaldoko eta Beurko-Bagatzako agendan ezinbesteko egintza bihurtuz.  Nabarmendu, bestalde, 25.a dela aurtengoa, baina duela 26 urte hasi zela, eta eten bakarra 2020 urtean gertatu zela, munduko pandemiaren karietara. Horrek erakusten du elkarteak gure kulturarekin eta herriaren duen konpromisoa", adierazi du Kultura arloko zinegotzi Nerea Canterok, Ibarra-Kalduko kide Josu Gómez aldean duela.

Aldez aurreko jarduerak

  • Mintzaldi dantzatua
  • Euskal Herriko folklorearen alderdi desberdinak aztertzen jarraitzeko, edizio honetan oso solasaldi berezia izango dugu: mintzaldi dantzatua. Ibarra-kaldu taldearen lokaletan izango da azaroaren 25ean, ostirala, 19:30ean. Gari Otamendi musikari eta dantzaria eta Oier Arazaola dibulgatzailea izango dira hizlariak. "KORROTIK PIKUTARA: EUSKAL DANTZAREN HISTORIA BAT DANTZAREN BIDEZ KONTATUA" izeneko mintzaldian, Euskal Herriko dantza tradizionalaren bilakaera azalduko digute dantzatuz: zirkulutik hasi, eta banakakoarekin buka; tartean, soka-dantza, ingurutxo, kontradantza eta bikote dantza.
  • Dantza tailerra
  • Aurtengo jaialdiko bigarren jarduera Barakaldo Antzokiaren laguntzarekin antolatu da, eta, horretarako, Jon Maya Kukai dantza konpaniaren zuzendari, koreografo eta dantzariaren gida izango da. Bertan, master class bat emango du, «DANTZA TRADIZIONALA LABORATEGIAN» izenburupean. Bertan, dantza tradizionalari bila dakizkiokeen aukerak aztertuko dira. Azaroaren 26an (larunbata) izango da, 10:30etik 13:30era, Barakaldo Antzokiko «Dantzalabea» espazioan. Tokiak mugatuak dira, eta izena aldez aurretik eman beharko da, Barakaldo Antzokiaren webgunetik.
  • Zirkuaren funtzioa
  • "Malas Compañías" antzerki-konpainiaren 15. urteurrena dela eta, zirkua jaialdiko ekitaldien artean sartu da, azken urteotako ildoari jarraituz, txikienei zuzendutako ekitaldiekin. "Malas Compañías" taldeak ikuskizun originala eskainiko digu, kasu honetarako asmatua, 15 urte Malas Compañíasekin. Azaroaren 26an, larunbata, izango da, 19:00etan, leku berezi batean: Zirkodomoan, antzerki-konpainiaren proiekturik esanguratsuenean, Barakaldoko Arauti kalean. Plazak mugatuak dira eta gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira, Ibarra-kaldu lokalean edo Zirkodomoan bertan.
  • Bertso afaria
  • Aurten ere, bertsolaritza ageri da jaialdiaren programan, berriz ere bertso-afari formatuan. Abenduaren 2an, ostirala, egingo da, Ibarra-kalduren lokalean, 21:30etik aurrera. Sarrera, 15€. Ekitaldia Kilika bertso-eskolarekin batera antolatu da. Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa Absolutuaren egutegi estua dela-eta, oraindik ez da zehaztu zein bertsolarik hartuko duten parte, baina, zalantzarik gabe, aurreko edizioetako mailari eutsiko zaio.
  • Erromeria
  • Gure asmoa da Herrien arteko Folklore Jaialdiaren zilarrezko edizioa parte-hartzaileagoa izatea, eta, horregatik, jende guztiari irekitako erromeria antolatu da, Aiko Taldeak gidatua, Sabin Bikandi eta Patxi Laborda buru dituela, abenduaren 8an, ostegunean, 19:30ean, Barakaldoko frontoian. Sarrera, libre.

Ekitaldi nagusiak

Hiru dira jaialdiaren ekitaldi nagusiak: musika-jardunaldia, dantza-jardunaldia eta kanpoko jardunaldia. Jardunaldiotako ekitaldi guztietarako sarrera doakoa da.

  • Musika-jardunaldia
  • Abenduaren 9an, ostirala, Musika Jardunaldia egingo da Barakaldo Antzokian, 19:30etatik aurrera. Aurten, oso ukittu etxekoia izango du, parte hartzen duten hiru taldeek Euskal Herriko musika interpretatzen baitute. Alde batetik, Gaztedi dantzari taldea, Bilboko dantza-talderik beteranoena. Aurten amaitu berri ditu 70. urteurreneko ospakizunak, iazko saiakerak huts egin ondoren, pandemiaren ondorioz. Bestalde, trikitixari Rubén Isasik, gaitari, albokari eta abar luze bat Xabier Vallek eta perkusio-jotzaile Argibel Eubak osatutako trioa. Amaitzeko, Ibarra-kalduk jaialdiaren historian zehar eskainitako gai nabarmenetako batzuk interpretatuko ditu.
  • Dantza-jardunaldia
  • Abenduaren 10ean, larunbata, Dantza Jardunaldia egingo da Barakaldo Antzokian, 19:30etik aurrera. Aurten, talde anfitrioiarekin batera gonbidatutako bi taldeen ohiko formatua berreskuratuko da, pandemiak ekarri zituen geldialdiaren eta aldaketen ondoren. Edizio honetako talde bisitariak Kantabriatik eta Galiziatik etorri dira: alde batetik, Virgen de las Nieves Torrelavegako Tanosko dantza-taldea; bestetik, Mistura talde folklorikoa, Lugoko Lieirokoa. Horiekin batera, Ibarra-kaldu, HAFJeko zilarrezko ezkontzak ospatzeko prestatutako muntaian, jaialdiaren ibilbidean taldearen bilakaera erakutsiko du dantzak eszenatokian aurkezteko orduan.
  • Kanpoko jardunaldia
  • Aurten, abenduaren 11n, igandean, 13:00etan, jaialdia Bizkaiko beste udalerri batera joateko jardunaldia egingo da Urduñan, eta, bertan, tokiko Erauntsi dantza-taldea taldearekin batera (ekitaldiko anfitrioia) hartuko dute parte aurtengo talde bisitariek.