Bizkaiko Foru Aldundiak iraupen luzeko zainketetan trantsizioa indartzeko eta modernizatzeko inbertsio handia egingo du. Konkretuki, 625.618.000 euro bideratuko ditu. Zenbateko hori Foru Aldundiak erabilgarri duen aurrekontuaren % 41 da.

Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontu erabilgarria % 4,35 hazi da aurreko ekitaldiko kontuekin alderatuta, hau da, 26 milioi euro gehiago izango ditu, eta hazkunde horren % 53 Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatuko du zuzenean: "Pertsonei erantzun gehiago emango zaie, zerbitzu publiko gehiago", adierazi du Sergio Murillok. Gehikuntza hori baliatuko dugu "mendekotasun-egoeran dauden pertsonei, desgaitasunen bat duten pertsonei eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeei laguntzeko sareak zabaltzeko eta modernizatzeko, horixe baita sail honen jardueraren ardatz nagusia. Era berean, aurrekontu honetan ez ditugu ahaztu zaintzaileei zuzendutako laguntzak, ezta ahaztu ere zainketen inguruneak, boluntariotzak eta, azken batean, komunitateak eskaintzen duten babesa eta laguntza sustatu beharra dagoela bizitza-proiektuak garatzeko".

Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea (GUFE): 140,3 milioi euro

Gizarte Ekintza Sailak 140.347.000 euro emango dizkio 2023an Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari, bere jarduera garatu dezan; horrek 14 milioi euro inguruko gehikuntza dakar.

Zenbateko horretatik, ia 78 milioi langileen gastuetara bideratuko dira, izan ere, plantillan sei lanpostu gehituko dira eta 887 langile izatera iritsiko dira, azken hamar urteetako kopururik handiena. Zehazki, 2023an langileen soldata-gastuak ordaintzeko 77.869.000 euro erabiliko direla aurreikusten da (ekitaldi honetan baino 2,6 milioi euro gehiago). Gizarte Ekintzako diputatuaren ustetan, "urrats adierazgarri horri esker iraupen luzeko zainketen trantsizioan aurrera egingo dugu; gainera, horrek agerian uzten du GUFEren aldeko apustu irmoa egin dugula, Bizkaiko egoitza-zentroen sareko funtsezko pieza baita; horretarako, pandemian zehar izan duen rol erabakigarria agertoki arruntetara eta etorkizuneko agertokietara zabalduko dugu.

Horiek horrela, GUFEren aurrekontuan 5,7 milioi euroko partida bat barne hartu da, Elorrioko eta Leioako zentroak bizikidetza-unitate bihurtzeko. Horrez gain, azken zentro horretan Uriberako Eskualdeko Erreferentziazko Zentro berria ezartzeko pausoak emango dira, Bilbon dagoeneko izaera horrekin funtzionatzen duen Birjinetxe zentroak hasitako bideari jarraiki.

Adineko pertsonak: 212,2 milioi euro.

Ekitaldi honetan adinekoen zentroetara bideratutako aurrekontua 212.215.000 eurokoa izango da, eta zenbateko hori Sailak eskuragarri duen aurrekontuaren % 33,92 da, hau da, 4,5 milioi hazi da (% 2,18).

Azkenaldian Bizkaiak gizarte-arloan izan duen lorpen handienetako bat honako hau dugu: emakumeen bizi-itxaropena 86 urtekoa izatea eta gizonena 81 urtekoa. Horrek, era berean, lehen mailako erronka dakarkio zainketa-sistemari, mendetasun- eta kronikotasun-egoerak adinak gora egin ahala hazten baitira. Egoera horren aurrean, Bizkaian zentroen sarearen eraldaketa (iraupen luzeko zainketen beharrei erantzuteko), zaintzaileen babesa, eta zaintza formalak eta informalak uztartzen dituzten zaintza partekatuen sistema mistoak sustatzen ari gara.

Ildo horretatik, Gizarte Ekintza Sailaren 2023rako aurrekontuan eraldaketa hori proiektu zehatzen bidez gauzatzeko partidak jaso dira: Egoitza-zentroetara 111,3 milioi euro bideratuko dira, bizikidetza-unitateak barne hartzeko eta plaza itunduen kopurua handitzeko (3.125 plaza guztira); bestalde, 5,2 milioi erabiliko dira etxean geratzeko laguntza ematen duten etxeTIC zentroen sarea zabaltzeko (Bilbo-Etxaniz eta Etxebarrin dagoeneko zabalik dauden zentroak, laster Zallan zabalduko den Enkarterriko zentroa, bai eta Mungian eta Basaurin garapen-fasean diren zentroak ere).

Desgaitasuna duten pertsonak: 81,7 milioi euro.

Desgaitasuna duten pertsonen arretaren esparruan, desgaitasuna duten pertsonak eta beren familiak babesteko baliabideak mantentzeko apustuak irmoa izaten jarraitzen du. Hala, proiektuak 81.779.000 euroko aurrekontu bat aurreikusten du, hau da, iazkoa baino % 5,53 handiagoa. Desgaitasuna duten pertsonei eta beren familiei bideratutako egoitzazko baliabideak eta eguneko arretari lotutakoak areagotu dira, eta urte honetan martxan jarri diren zerbitzuak urtekotu dira.

Ildo horretatik, eutsi egin diogu Gizarte Ekintzako hirugarren sektoreko erakundeekin daukagun aliantza estrategikoari, erakunde horiekin sinatutako ehun hitzarmen baino gehiagoren bitartez; hitzarmen horien bidez egoitzazko zentroetan eta etxebizitzetan 1.344 plaza kudeatzen dira (iaz baino 19 gehiago); 57,6 milioi bideratu dira horretarako. Eguneko arreta zentroetan dauden 1.514 plaza kudeatzeko ere baliatuko da gehikuntza hori. Ildo horretatik, aurten 115 plaza gehiago eskainiko dira, batez ere, Muskizen eta Derion zabaldutako zentroei esker; horretarako, 23 milioi euroko kostua estali beharko da.

Umeak: 57,86 milioi euro.

Umeen programak babesik gabe dauden edo babesik gabe egoteko arrisku larrian dauden adingabe eta nerabeei babesa emateko Foru Aldundiak gauzatzen dituen ekintza guztiak barne hartzen ditu. Horretarako, esku-hartze programak garatzen dira, eta horiek babesik gabe dauden adingabeei laguntzen die zuzenean.

Umeei arreta emateko programarako aurreikusitako aurrekontua 9.815.000 eurokoa da, hau da, % 2,42 gehiago. Zenbateko hori babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen egoitza-harrerara bideratutako GUFEren partidarekin osatuko da (48 milioi euro). Aurrekontua 3,9 milioi handiagoa da, besteak beste, portaera-arazoak dituzten nerabeei harrera egiteko baliabide berriak aktibatu direlako.

Mendekotasunerako prestazioak eta dirulaguntzak: 99 milioi euro.

Programa horren aurrekontua 105.754.000 eurokoa da. Kapitulu honetan, 72 milioi euro emango dira familia inguruneko zainketetarako prestaziorako (gaur egun, 21.000 pertsonak baino gehiagok jasotzen dute laguntza hori Bizkaian), eta, era berean, 1,14 milioi euro emango dira mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten pertsonek atseden hartzeko, baldin eta familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomikoaren onuradun badira; izan ere, eskubide hori Zaintzaileen Estatutuan jasota dago, eta 30 egunekoa izatera igaro da berriki. Halaber, 554.000 euro erabiliko dira zaintzaileentzako Zaintza Eskolako prestakuntza-programa lurraldean zehar zabaltzeko.

Desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeentzako dirulaguntza izendunen kapitulurako, Foru Aldundiak 12 milioi euro bideratuko ditu aurten.

Balorazioa eta orientazioa: 9,8 milioi euro.

Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuak 9.854.000 euro izango ditu 2023an. Programa honek mendetasuna baloratzeko eta bisiten bidez etxean jarraipena egiteko zenbatekoa barne hartzen du, 5,6 milioi euroko aurrekontua duena. Era berean, arreta goiztiarrerako aurreikusitako partida barne hartzen du, 2023an 4,2 milioi eurora iritsiko dena, itunpeko 54 zentrorekin. Zentro horietatik, Bizkaian arreta goiztiarrerako zerbitzu publikoa eskaintzen da.

Azken batean, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egiten jarraitzen du gizarte-zerbitzu publikoen sarea eraldatzeko eta gaur egun babesa behar duten eta etorkizunean babesa behar dezaketen pertsonentzako inklusiboagoa eta integratzaileagoa den Bizkaia lortzeko. Aurrerapen hori hainbat jardueraren bidez gauzatu da: babesgabetasun egoeran dauden adingabeei ematen zaien erantzuna handitzea, programa eta zentroekin, familia-harrera sustatuz; desgaitasuna duten pertsonentzako sarea zabaltzea, plaza eta zentro gehiagorekin; laguntzak etxeko zaintza-ekosistemetara zabaltzea, Zaintzaileen Estatutuaren neurriekin eta etxeTIC zentro berriekin, eta egoitza-arretaren modernizazioan aurrera egitea, GUFEk zentroen sare horretan duen zeregina indartuz. Bizkaitarrek beren bizitzaren uneren batean beharko dituzten babes pertsonalizatuak, hobeak eta ugariagoak, eraikitzen jarraitzeko aurrekontu bat da", ondorioztatu du Sergio Murillok.